Antzerkiak, kontzertuak, bertso saioak, topaketak… «Beran beti aunitz saiatu izan gara kultura zaintzen. Kultur programazio zabala izan da beti eta mugimendu handia bai udalak antolatutako gauzen aldetik baita ostatu eta bertze bideetatik ere». Estitxu Pinatxo Berako Udaleko zinegotziaren hitzak dira. Udaberrirako ere hainbat ekitaldi prestatuak zituzten: «Txistularien Topaketa, maiatzean egitekoa zen Soinu, kanta, dantza emanaldia…. Gauza horiek seguruenik bertan behera geldituko dira». Jende aunitz biltzen duten ekitaldiak izateaz gain, aurretik egin beharreko entseguak ere ezin baitituzte egin: «ekitaldi horiek guztiek aurretik prestatzea eskatzen dute eta egungo egoerak ez du horretarako aukerarik ematen». Aukera berrien bila hasita, Kultur Pilulak programa jarri dute martxan, «herritarrei kulturaz gozatzeko aukera eman eta sortzaileei lanerako bidea emanez».
Zer dira Kultur Pilulak?
Herritarrei kultur hitzordu bat eskaintzeko modua da. Kultur pilulak izena jarri genion, osasun alorreko alerta bat delako eta pilulak dosi txikitan izaten direlako. Izen berezia iruditu zitzaigun baina ideia berez ez da gurea. Oreretan, Hernanin… antzeko gauzak egiten ari zirela ikusi genuen eta hori gurera ekartzea pentsatu genuen. Ortziralero izaten dira emanaldi hauek arratsaldeko seietan. Edonork ikus ditzake. Berako sortzaileek sortutako bideo bat zintzilikatzen dugulako youtubeko Kultur Pilulak kanalean.
«Berako herriak badu fama musikagintzagatik, baina badira bertze alor batzuetan aritzen direnak ere. Kultur Pilulak aberatsak izatea nahi dugu zentzu horretan, anitzak».
Herrian kulturgintzan aritzen diren horiei laguntzeko bidea ere bada orduan?
Bai, noski. Berako sortzaileei edo Beran bizitzen urteak daramaten horiei aukera hau eskaintzea erabaki genuen. Horietako aunitz une hauetan inolako diru-sarrerarik gabe gelditu dira. Kulturari balio bat ematea ere bada ekimen honen asmoa. Izan ere, azken aldian aunitz dira kultura bultzatzeko antolatzen ari diren ekimenak. Bateko abestia sortzeko, bertzeko bideoa grabatzeko... eskatzen zaie. Beren borondate onenarekin kulturgileak lanean ari dira, baina arazoa da dohainik ari direla. Hau ez da pasatzen bertze inolako sektore edo lanbidetan. Zuk oraintxe bertan, autonomo bati, etxean gelditu behar izan dela negozioa itxita, ez diozu bere produktuak edo zerbitzuak dohainik emateko eskatzen. Kultur arloan, bai. Nahi dugu kultura bultzatu, kulturari balioa eman, Berako sortzaileei lagundu eta herritarrei kultur programazio aberats bat eskaini, bertakoa, aberatsa eta atsegina.
Ze emanaldi ikusteko aukera izanen dugu?
Pettirena izan zen lehenbiziko emanaldia eta gaur bertso saioa izan dugu. Denetarik egonen da. Berako herriak badu fama musikagintzagatik, baina badira bertze alor batzuetan aritzen direnak ere. Kultur Pilula hauen bidez bertze diziplina batzuk ikusarazten saiatuko gara; kultur pilulak aberatsak izatea nahi dugu zentzu horretan, anitzak.
Kultur Pilulak diru iturria ere izanen dira sortzaile hauentzat…
Bai azkenenean kontzertuetatik bizi dena edo erakusketetatik diru-sarrerik gabe gelditu da eta ez dakigu noiz arte. Beran badira kulturatik bizi direnak eta udaletik eskura ditugun baliabideak erabilita lagundu behar geniela ikusi genuen. Duela gutxira arte, soilik kulturatik bizitzea tamalez ez dela erraza erranen nizuke. Momentu honetan berriz, pentsatzen dut zorionez ez naizela bakarrik kulturatik bizi. Errealitatea gogorra da, ez dakigulako lehen antolatzen ziren bezala emanaldiak noiz hasiko diren antolatzen.