COVID-19: Elkarrizketak

«Erreserba gehien genuen urtea zen eta deus gabe gelditu gara»

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 15a, 08:30

Jabi Ortego, Etxalarko Bentako nagusia.

Jabi ORTEGO Etxalarko Bentako nagusia

Bi hilabete daramatzate itxita jatetxeek zein hotelek eta ondorioak dagoeneko nabarmenak dira. Etxalarko Bentako Jabi Ortegok bere egoeraren berri eman dio Ttipi-Ttapari.

Etxalarko Bentako nagusi den Jabi Ortegori «1.500 bat lagunen hoteleko erreserbak, 15 ezkontza inguru, jaunartzeak eta familiarteko hainbat otordu» bertan behera gelditu zaizkio.

«Hotelerako 1.000-1.500 lagun ingururen eskaerak genituen»

Gogoa duenak badu zeregina, eta argi ikusten da hori Etxalarko Bentetan hondarreko bi hilabeteetako egunerokoan. Izan ere, ateak itxita izanagatik «gelditzen ez diren mantentze-lanetarako» baliatzen ari da itxialdia Jabi Ortego: «txukundu eta garbitzen ari gara, bai hotelean, baita inguruko lorategian eta jatetxean ere ahal den mantentze-lanak egiten». Garbia garbiaren gainetik garbitzen dabiltzan honetan, trapuak utzi eta koronabirusak eragindako ondorioez solastatzeko tartetxoa hartu du arduradunak. 

«Txertorik izan ezean, jendeak ez du segurtasunik izanen»

Argitu duenez, «lanez lepo» zeudela harrapatu zituen birusak: «Aste Santu aitzinetik taldeekin lanean hasiak ginen eta azarora arte 40-50 laguneko taldeekin betea genuen hotela». Erreserba horien artean gehienak «hotela, gosaria eta afaria eskatua zutenak eta ingurua bisitatzera – Larhun, Iruñea, Donostia…– zetozenak ziren». Hotelari dagokionez, erreserbetan «1.000-1.500 lagun ingururen» eskaerak dira galdu dituztenak. Horrez gain, «hoteleko jendeak edota ingurukoek jatetxean egiten dituzten otorduak» ere bertan behera gelditu zaizkie. «Martxo hasieran» hasi ziren erreserbak ezeztatzeko deiak: «hasieran hoteleko erreserbak izan ziren bertan behera gelditu zirenak, gero familiako bazkariak… Alarma egoera ailegatu zenerako hotelean ez genuen jenderik. Denak beldur ziren». Hoteleko martxa, egunerokoa eta ekitaldi bereziak. Kalteak erabatekoak izan dira: «ezkontzak, jaunartzeak… hastear zegoen guztia. Urtero bezalatsu, 15 ezkontza inguru  genituen, banaz bertze 150 bat lagun ingurukoak». Gehiago ere izan zitezkeen: «urte hasieran eskatzen dituzte urrikoak eta azarokoak eta aurten horiek ere ez dira eskatu».

«Talde batzuek planak uda ondotik egiteko utzi dituzte»

Bertan behera utzi edo gibelatu
Ezkongaien artean, bikote bakoitzak bere erabakiak hartu dituela argitu du Ortegok: «batzuek bertan behera uzteko deitu dute, ez dutelako argi noiz egin... Gehienek, ordea, atzeratzea erabaki dute. Maiatzean eta ekainean zutenek, adibidez, irailerako edo urrirako utzi dute. Uztailekoak oraindik zain daude…». 

Jaunartzeei dagokienez, berriz, «fidantza utzia dutenez, jendea mantentzen ari da, aitzinerago eginen delakoan». Egoera berean daude bertzelako talde-erreserba batzuk: «uda ondotik egiteko utzi dituzte planak…». 

«Gobernuak ematen dituen laguntzak ez dira laguntzak, interesak ordaintzeko bitartekoak baizik»

Kalte «handia»
Urte bikaina zen aurreikusia zutena, erreserbarik gabea da orain espero dutena. Izan ere, «abendura arte beteta genuen, lepo geunden. Aurrez erreserba gehien genituen urtea zen eta deus gabe gelditu gara». 


Kalteak ez dira egungoak bakarrik, gerora datorrenaren beldur ere bada Ortego: «Gobernuak laguntza aunitz emanen dituela adierazi du, baina eman baino gehiago kentzen dute. Laguntza horiek interesak dituzte eta azkenean ez dira laguntzak, interesak ordaintzeko bitartekoak baizik. Sarrerarik gabe gauden honetan, lagundu beharrean zerga gehiago ordainarazten digute».

«Gibelatutakoa aurten ospatzea nahi nuke baina zail ikusten dut»

Irekitzea utzita ere, «arrisku haundia» ikusten du Javik: «txertorik ez dago eta hori izan ezean jendeak ez du segurtasunik izanen. Beldurra hor egonen da eta kutsatzeko beldurrak beharrezkoak ez diren ateraldiak saihestea eraginen duela uste dut». 

Buelta «zaila» izanen dela iruditzen zaio Etxalarko Bentako nagusiari: «Gutxinaka izanen dela iruditzen zait. Toki mugak eta bertzelako zailtasunak izanen dira. Nire kasuan toki aldetik arazorik izanen dudanik ez dut uste, bai hotelean baita jatetxean ere aunitzentzat tokia dugu. Dena bete ezina ez da arazo izanen, ez dut uste jendea aisa aterako denik eta ez da lanik izanen 18 langileentzat». Normaltasunera buelta urruti ikusten du: «aurten ez dut uste deus egiterik izanen dugunik. Nahi nuke, baina zail ikusten dut».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun