Toki Ona institutuan aurrematrikulazioa zabalik

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 12a, 09:30
Ikastetxeko ateak ireki eta bertatik bertara ezagutzeko bideotxo bat egin dute.

Erdi Mailako eta Goi Mailako zikloetan maiatzaren 25etik ekainaren 5era arte eman dezakete izena 

Berako Toki Ona institutuan heldu den ikasturterako aurrematrikulazio epea zabalik dago dagoeneko. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleek maiatzaren 15era arte, ostiralera arte, eman dezakete izena, ondoko formularioa betez. Eskaintza zabala dakarte: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza A, B eta D ereduan ikas daiteke eta Batxilergoan Zientziak eta Ingeniaritza eta Teknologia, Osasun Zientziak, Humanitateak eta Gizarte Zientziak ibilbideak proposatzen dituztenak (D ereduan guztiak).

Erdi eta Goi mailako zikloetan, berriz, maiatzaren 25ean hasi eta ekainaren 5era arte irekita egonen da izen-ematea. Erdi Mailan Mantentze Elektromekanikoa edo goi mailan Mekatronika Industriala ikasi nahi duenak aukera bikaina izanen du Bortzirietan.

Aurrematrikulazio kanpaina sustatzeko eta toki ona dela gertutik egiaztatzeko ateak zabaldu eta irudiak bildu dituzte. Honela diote hitzek, horrela ekintzek:

Hazi, hezi, lagun egin.
Aukera bertan, bertan Bortzirietan.
Hemen dugu ikasteko aukera.
Bortzirietako eragilea.
Bortziritarren aukera.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun