COVID-19: Elkarrizketak

«Aurtengo urtea kasik galdutzat eman dezakegu»

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 12a, 13:00

Muskoa Tolosa, Berako Takatuka Bidaiak bidaia agentzia

 

Koronabirusak sortu duen ezohiko egoerak bete-bete jo du turismoaren sektorea eta «kolpe gogorra» izan dela aitortu du Berako bidaia agentziako jabeak. «Atzendu beharreko urtea» izanen delakoan dago, baina aldi berean, «ikasteko» baliagarri izanen dela dio.

«Martxotik ekain hasiera arteko bidaia guztiak bertan behera» gelditu direla argitu digu Berako Takatuka Bidaiak bidaia agentziako Muskoa Tolosak. Baina oraindik orain, «ekain erdialdera bidaiatzeko itxaropena duen jendea» omen dago. Argi mintzatu da: «egoera larria da» eta turismo sektorearentzat «kolpe gogorra izan da». Bere irudiko, «turismo sektoreari bertze edozeini baino gehiago kostako zaio aitzinera egitea». Hala ere, ez du galdu itxaropena: «kostako zaigu baina lortuko dugu».

Bidaia agentzia itxi eta bi hilabetez etxetik aritu zara lanean. Nolako asteak izan dira?
Hasierako bi asteak hagitz gogorrak izan ziren: etxetik lanean, bitarteko guttiagorekin, Kanariar Uharteetan zeuden bezeroak birkokatzen, Europan edo Ameriketan oporretan zeuden bidaiariak gainezka zeuden enbaxaden eta hegazkin konpainien bidez aberriratzen... Aste Santuko kanpaina bertan behera utzi behar izan dugu eta bidaiak bertan behera uzteak eta diru-itzultzeek lan handia eskatzen dute. Aldi berean, etxeko ttikiekin etxeko lanak egiten aritzea tokatu zait. Eromena izan da. Poliki-poliki, ordea, egoera lasaitu da.

Noiz hasi zinen koronabirusaren eragina sumatzen?
Urtarril hondarrean Asia aldean zebiltzan bezeroak murrizketak sumatzen hasi ziren... Handik guttira hegaldiak bertan behera uzten hasi ziren.

Zer gertatu da bidaien erreserbekin?
Martxotik ekain hasiera arteko bidaia guztiak bertan behera gelditu dira. Batzuk oraindik ekain erdialdera bidaiatzeko itxaropena badute, nahiz eta ate joka dugun. Hotelen irekieren inguruan neurriak hartzeko eta garraioan dauden mugak arintzeko esperoan gaude.

Bertan behera gelditu diren bidaia horiekin zer gertatu da?
Ahal dudan kasu guztietan dirua itzultzen ari naiz. Baina hegazkin konpainietara, itsas bidaiak egiteko edota taldeen erreserbak baieztatzeko egin behar izan genituen ordainketak nahi baino gehiago luzatzen ari dira. Pazientzia handia beharko dugu. Hegazkin konpainia aunitzek hegaldiak egunez aldatzeko aukera baino ez dute eskaintzen, edo ordaindutakoaren truk epe luzera begira aurten edo heldu den urtean erabiltzeko bonuak.

«Egoera hau ez genuen inork espero eta inor ez geunden prestatuta»

Nola erantzun dute hegazkin konpainiek eta hotelek?
Guztiontzat ustekabea izan da. 17 urte daramatzat agentzian eta tarte horretan grebak, aireportuen itxierak, jendea kanpoan utzi duten turismo enpresen porrotak, mundu mailako hegazkin garraioari eragin izan dieten sumendien erupzioak... Denetarik ezagutu dut. Baina koronabirusa tarteko sortu den egoera hau ez genuen inork espero, eta inor ez geunden prestatuta. Jarduerari berriz ekiteko neurriak hartzen ari dira: hotelek edukiera mugatuko dutela hitz eman dute eta instalazioetan desinfektatze lanak egiten ari dira, hegazkin konpainiak aldatutako eta bertan behera utzitako hegaldien inguruko politikak astero aldatzen ari dira... Horrez gain, mugak noiz irekiko dituzten esperoan gaude. Momentuan momentukoa.

Aste honetan itzuli zara bulegora. Nolakoa izan da itzulera?
Espero nuen bezalakoa, lasaia. Bi hilabete hauetan etxetik aritu naiz lanean eta orain normaltasuna noiz itzuliko esperoan egotea tokatuko zaigu, eta ea noiz uzten diguten haizea hartzera ihes egitea. Bi hilabeteko konfinamenduaren ondotik, nik uste denok lanera itzultzeko gogoz geundela.

Egoera larria da?
Bai, larria da. Badirudi Europan argia ikusten hasi garela. Bitarteko guttiago dituzten herrialdeetan dezente gehiago luzatuko da susperraldia eta bidean, ostalaritzaren eta turismoaren sektoreetan lanpostu aunitz galduko dira.

«Hau dena hasi aitzinetik genuen martxa berrartzea kostako zaigu eta sektore honi bertze edozeini baino gehiago»

Aurtengo urtea galdutzat ematen duzu?
Kasik-kasik. Martxoan hau dena hasi aitzinetik genuen martxa berrartzea kostako zaigu eta sektore honi bertze edozeini baino gehiago. Atzendu beharreko urtea izanen da, baina baita ikasteko urtea ere.

Maiz aipatzen da hurbileko turismoa. Jendeak horren aldeko apustua eginen duela uste duzu?
Uda honetan tokiko eta hurbileko kosta aukeratuko du jendeak. Hala ere, hegaldiei uko eginen ez dietenak ere izanen dira, eta tartean ni neu, uzten badigute behintzat. Baina lurralde exotikoetarako bidaiak beheiti eginen dute, jendeak segurtasuna nahiko duelako.

Bidaia luzeak noiz hasiko direla iruditzen zaizu?
Helmugaren eta herrialde bakoitzaren egoeraren araberakoa izanen da. Baina baikorra izanda, uda ailegatzean aireportuetako harat-honatak normaltasunera itzuliko direla eta mugak irekiko dituztela uste dut. Bezeroek duten konfiantzaren araberakoa izanen da.

Nola ikusten duzu etorkizuna?
Baikorra naiz. Kostako zaigu baina aitzinera eginen dugu.

Jendea planak egiten hasia da?
Poliki-poliki hotelak irekiko dituzten eta zein baldintzatan irekiko dituzten galdetzen hasi dira, urtero bezala Menorkara joateko hegazkina hartzeko aukera izanen duten... Albistegietan berri onak aditzeko desiratzen gaude, hala pausoa emateko.

«Hegaldien kasuan, maiztasunak eta edukiera mugatu beharko dutela kontuan hartuz, garestituko direla iruditzen zait»

Bidaien prezioekin zer gertatuko da?
Litekeena da hotelek jendea mugiarazteko eskaintzak egitea. Baina hegaldien kasuan, maiztasunak eta edukiera mugatu beharko dutela kontuan hartuz, garestituko direla iruditzen zait.

Turismoaren sektoreak alde positiborik atera dezake egoera honetatik?
Akaso epe luzera begira eragin positiboa sumatuko dugu: turistikoak diren tokietan jende pilaketa guttiago eta gisa honetara ostalaritzan bezeroak arreta hobea jasoko du. Baina momentuz kolpe gogorra izan da.

Nola ikusten duzu sektorea?
Aukera aunitz ikusten ditut eta bereziki lanean hasteko gogoa. Terraza, hondartza eta igerilekuetan birusa saihesteko talentua ere bai...

Zerbait gaineratuko zenuke?
Jendeari bidaia agentzietara etortzeko gonbitea luzatuko nioke, zein aukera dauden ikus dezan. Ez dago aholkatzeko eta arazoak dituzunean laguntzeko hezur-haragizko bat baino hoberik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun