Kultur etxeko emankizunak, ostatuetan saioak, herrian egitekoak ziren bertzelako topaketa, ospakizun edota egun bereziak... Kulturari lotutako guztia bertan behera edo gibeleratua izan delako sortu du Berako Udalak Kultur Pilulak izeneko proiektua. Berako kultur sortzaileei atea ireki bidenabar, «espero dugu itxialdi honek sor dezakeen estres puntu hori sendatzen lagundu ahal izatea». Gisa berean, «pilula horiek, ohikoak bezala, dosi ttikikoak» izanen direla azaldu du.
Youtubeko Kultur Pilulak kanalera harpidetu eta ortziraletan han eskainiko dituzte kontzertuak. Lehenbiziko emanaldia bihar, maiatzak 8, 18:00etan, izanen da, eta Petti izanen da protagonista.