Guardia Zibilak Lesakako gazte bat «metrailetaren mehatxupean miatu» izana salatu du Lesakako Sortuk

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 30a, 14:20

Covid-19ak sortutako osasun krisian «Espainiako indar armatuak euren burua zuritzeko saiakerak» egiten ari direla kritikatu du Sortuk ohar bidez, eta gaineratu duenez, «horren adibide argia izan genuen astearte arratsaldean Lesakan».

«Errepresio urte ilunenak oroitzeko asmoz» astearte arratsaldean Lesakan Guardia Zibila agertu zela dio Lesakako Sorturen oharrak eta «zuzenean herritarren kontra jo» izana salatu du. «Egia ur azalera muralaren azpian, torturaren testigantza gordinaren adierazle den lekuaren aitzinean». Honela kontatu du gertatutakoa: «herriko gazte batek lanetik etxerako bidean kotxea aparkatu berria zuela, guardia zibilak patroletik jaitsi eta galderak egiten hasi zitzaizkion. Hasieran, zoritxarrez ohiko bihurtuak direnak, eta denborarekin gero eta erasokorragoak. Metrailetaren mehatxupean, gaztea miatu zuten». Horren ondotik, «galdeketa luzea jasan» zuela azaldu du Sortuk: «galdeketa politikoa, bere ideologiaren inguruan». Gaineratu duenez, «erasokor eta probokatzaile, uniformearen inpunitatez lagunduta, armak eskuetan beti bezain ausart».

Sorturen irudiko, Covid-19ak sortu duen osasun krisi honetan «asteak daramatzagu erantzukizunez jokatzen, kapitalaren gainetik bizitza erdigunean jarriz, zaintzari lehentasuna emanez». Baina «Espainiako indar armatuak euren burua zuritzeko saiakerak egiten ikusi ditugu irudietan: mugak itxiz, karriketatik paseatuz, desinfektatzeko aitzakiarekin inbasio militarrak eginez... laguntzaren aitzakian espainiar nazionalismoari gorazarre eginez». Eta Lesakan gertatutakoa «horren adibide argia» izan zela uste du.

Egoera horren aitzinean, «aski dela» erran du Sortuk: «urte gehiegiz bizitu behar izan ditugu horrelako egoerak. Euskal herritar izategatik, lesakar izateagatik ezin gaituzte karrikan gelditu, galdeketak egin, beldurtzen saiatu...». Hori «ezin dugu onartu», dio oharrak eta «konponbidearen bidean soberan» daudela gaineratu du.

Sorturen ustez, bizitzak erdigunean jarri eta zaintzari eman behar zaio lehentasuna. Eta aldi berean, «bi herri eredu» daudelakoan dago: «Espainiak eskaintzen digu autoritario, zentralista eta militarizatua; edo askapen prozesuak emanen digun herri burujabe, justu eta askea. Guk aukeratu dugu...».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun