JUANTXO IRIGOIEN

«Gure lanaren zati handia Ibardinen dugunez, aunitz jautsi zaigu»

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 30a, 12:00
Juantxo Irigoien garraiolariak uste du txarrena gero etorriko dela.

Juantxo Irigoien gehien bat Bortzirietan ibiltzen da merkantzia-garraioan eta aunitz sumatu du osasun-krisi egoerak eragindako geldialdia. Ibardinera joan-etorri aunitz egiten ditu eta muga ixteak eragin dio jautsierarik handiena. Okerrena gero etorriko dela uste du, krisi honek mundu osoari eragin diolako.

Zertan aldatu da zuen egoera koronabirusaren eraginez?

Dexente lan guttiago egiten ari gara. Ibardinekin dugu lan handia eta muga itxia izatearekin, aunitz jautsi zaigu. Hori da makurrena. Fabrikak eta komertzioa ere arront mottel dabiltza, ostalaritza ia erabat itxia eta gauza bat eta bertzea, lan handirik ez dugu egiten. Partikularren artean zerbait egiten dugu suertatzen denean, baina gure lanik handiena ez da hori.

Konfinamenduari dagokionez, pixkanaka eskua zabaltzen joanen dela ematen du, baina buelta emanen zaio egoerari?

Zerbait aldatuko da, baina nire iduriz, aurtengoa egina izanen da. Txarrena ez da orain, txarrena heldu dena izanen da. Iduritzen zait luze joanen dela. Komertzioa irekiko dutela erraten dute erraz, baina ea noiz irekitzen dituzten mugak… Frantzian ere, udan turismoa mugitzen hasten denean, nahiago izanen dute jendea Donibane-Lohizunen, Baionan edo Urruñan gelditzea erosketak egitera eta ez alde honetara pasatzea. Hori normala da.

Segurtasun neurriak betetzea erraza suertatzen zaizue?

Asoziazioneak banatu zizkigun maskarillak. Hau hasi zenean etxean bi guante-pakete ere bagenituen, 200 baino gehiago erosi eta bolada baterako badugu, noski. Bezero batzuk beldurra izaten dute, baina aieka honetan, maskarilla eta guanteekin joaten baldin bazara, ez da problemarik. Zaindu eta begiratu egin behar da, dudarik ez da.

Zein da errepideen egoera?

Kotxe aunitz falta da. Kamioia badabila, lehen baino guttixeago beharbada, baina kotxe gutti. Kanpoan ezin dela gosaldu? Etxetik bokadilloa eraman, lehen egiten genuen bezala eta etxean bazkaldu.

Egoera zertan aldatuko da hau dena bukatzen denean?

Hagitz mottel geldituko da. Badira fabrikak aitzineko krisia hemen sobera sumatu ez zutenak, materiala kanpora, mundu guzira, ateratzeko aukera bazutelako. Baina oraingo hau krisi mundiala da, orain arte ongi ibili diren enpresak jausten ari dira, lana beheiti badoaie eta erabat gelditu behar izan dute. Eta hori mundu osoan sumatuko da, hori da okerrena. Lanaren asuntoa aurten zail ikusten dut, denentzat. Etxe handiak, gainera, hori probextu eta ordainketak gibeleratu egiten dituzte edo, zuzenean, ez ordaindu, eta zure diruarekin jostatzen dute. Eustea lortzen baduzu, ongi, eta bertzela, zuretzako kalte!

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun