IÑIGO RODRIGUEZ

«Eguberrietan baino aunitzez banaketa-lan gehiagorekin gabiltza, baina lan hori ez zaigu errentagarria ateratzen»

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 29a, 12:00
Iñigo Rodriguezek MRW enpresarako banatzaile-lanak egiten ditu.

Iñigo Rodriguez lesakarra MRW enpresarendako ari da banatzaile-lanean. Covid-19ak eragindako osasun-larrialdi egoeraren lehen bi asteetan lana ia erabat gelditu baldin bazen ere, gaur egun «ezin ailegatu» dabilela aitortu digu: «Eguberrietan baino aunitzez lan gehiago egiten ari gara, baina on-line erositako produktuen banaketa ez zaigu errentagarria ateratzen».

Iñigo Rodriguezen erranetan, beraien sektorean egoera «bere onetik joan da. Lehenbiziko bi asteetan dena arrontean gelditu zen, jendea beldurrez zegoen, ez zen deus mugitzen, ez on-line eta ez bertzela. Behin jendeak bere bidea hartu duenean, on-line salmenta disparatu egin da, Eguberrietan baino aunitzez lan gehiago egiten ari gara, eromena da».

Erosketa horien artean denetik dagoela aipatu digu Rodriguezek, «beharrezko gauzak bai, baina baita behar ez direnak ere. Arropa aunitz saltzen ari da; haurrak etxean daudenez, jostailuak ere aunitz ibili dira; etxean kirola egiteko tresnak izugarri ibili ziren eta orain bertan bukatuak daude, nahiz eta eskatu ez zaizu ailegatuko; eguneroko gauzak ere eraman ditugu».

«Partikularrentzako pakete aunitz igogailuan sartu eta bidaltzen dizkiogu bezeroari, ahalik eta kontaktu guttien izateko»

Segurtasun neurriak zuzen betetzea ez zaio batere zaila suertatzen ari Rodriguezi: «Maskarak, guanteak eta garbitasunerako-gela, bakoitzak gure furgonetan ditugu eta erabiltzen ditugu, noski. Bezeroen artean ere gero eta kontzientzia gehiago dago. Hasieran harritzen nintzen ze lasaitasunarekin irekitzen zuen jendeak atea eta paketea eskutara eman. Orain, sinadurarik ez dugu eskatzen PDAn, izen-abizenak eskatu eta listo! Partikularrentzako pakete aunitz igogailuan sartu eta bidaltzen dizkiogu bezeroari, ahalik eta kontaktu guttien izateko».

Errepideetan lasaitasun handia sumatu du: «askatasun ikaragarria dugu, Irun bezalako hirietan aparkatzeko erraztasun handia dugu eta, alde horretatik, aunitzez hobekiago». Bazkaltzerako orduan ere aldaketa nabaritu du: «lehen beti kanpoan bazkaltzen nuen, jatetxe batean edo bokata, baina orain etxetik ekartzen dut tupperra, ez dago bertze aukerarik. Komuna bulegoan dugu eta, harat-honatean nabilenez, aukera hori badut, baina ibilbide luzeagoetan dabiltzanek ez dute».

 

«Gero eta banaketa-lan gehiago egin, gero eta makurrago gaude»

Pixkanaka “normaltasun berrirako” bidean hasiko garela badirudi ere, Iñigo Rodriguezek ez du egoera batere argi ikusten: «Orokorrean paliza handia hartuko dugula iruditzen zait, eta zenbait sektoretan ez dutela pertsiana berriz irekiko. Ez dakit zenbat eta nola, baina hori gertatuko da. Gure sektorean ere aunitzek itxi beharko dute. On-line banaketak ez digu dirurik ematen, alderantziz, galdu egiten dugu. Aitzinetik ezarritako prezio itxi bat ordaintzen digute, aunitz edo gutti banatu, eta hori onartu beharra dugu nahitaez. Aldiz, bidalketak egiten dituzten bezeroak dira guretzat errentagarriak, horiekin irabazten dugu dirua eta horiek itxita edo errendimendu erdian daude gaur egun. Internet bidez erosi eta niri banatzeko etortzen zaidanarekin ez dut irabazten, nik bidaltzen dudanarekin irabazten dut. Beraz, orain, gero eta lan gehiago egin, gero eta makurrago gaude».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun