RAFA MARITXALAR

«Internetez erositako gauzak banatzen ditugu, baina inguruko fabriken garraioa behar dugu, hori da egiazko muskulua»

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 28a, 14:00
Rafa Maritxalar garraiolariaren ustez, merkantzien garraioan lehen egiten zutenaren %40a egiten dute.

Osasun-alerta egoeran ere lanean segitzen duen sektoreetako bat da garraioarena. Banaketa-lanak egiten dituzten garraiolari eta banatzaile enpresak lanean ari dira. Rafa Maritxalar lesakarrak aipatu digunez, partikularrendako paketeria eta mezularitza garraioak zerbait handitu badira ere, enpresa eta komertzioendako egiten dutena ia erabat gelditu da.

Zertan aldatu da zuen egoera koronabirusaren eraginez?

Egoera arrontean aldatu da, lana ongi egitetik lana aunitzez guttiago egitera pasatu gara, hori garbi dago, %40 bat egiten badugu, kontent. Hilabete bukaeran ikusiko dugu fakturazioan, baina horrelako zerbait izanen da. Beharbada partikularrendako paketeria kontua zerbait igo da, baina horrek ez du ematen enpresa edo komertzioendako garraioan galdu dena parekatzeko. Gainera, hori seinale txarra da herri batentzat, herriak behar du bizia, lantegiak, komertzioak eta ostatuak lanean aritzea eta horrek sortzen du merkantzien garraioa. Egia da internetek ere funtzionatzen duela, hori ere ona da guretzat, baina nahitaez behar dugu inguruko fabriken garraioa. Horiek dute muskulua!

«Herriak behar du bizia, lantegiak, komertzioak eta ostatuak lanean aritzea eta horrek sortzen du merkantzien garraioa»

Kirolerako produktu jakin batzuetan eskari handiagoa izan omen da…

Lehenbiziko kolpea hori izan zen, bizikleta-arrabolak, lasterka egiteko zintak, bizikleta estatikoak… baina istantean gelditu zen, iruditzen zait denak xahutu zituztela eta horrelako tresnarik ez daudela stockean.

Segurtasun neurria betetzea erraza suertatzen zaizue?

Segurtasun neurriak betetzea erraza suertatzen zaigu. Maskarak jarriak eramaten ditugu eta sinadura ere ez dugu eskatzen, izen-abizenak eta nortasun agiri zenbakia galdetu eta kitto. Paketea lurrean utzi eta bezeroak hartu. Eskuak garbitzeko xaboiarekin garbitu eta bertze batera.

Bezeroek nola hartzen zaituzte etxeetan?

Jendearen aldetik bada denetik, izugarrizko beldurra duten hipokondriakoak eta bertzetik, ikusten ez den gauza bat denez, sobera hurbiltzen den jendea ere bada eta zeronek egin behar duzu gibelera. Gero, egia da pakete horiek mila eskuetatik pasatu direla.

Errepideetan lasaitasun gehiago sumatuko da…

Errepideak aunitzez lasaiago daude, kotxeak gutti eta kamioiak ikusten dira, baina aunitzez guttiago. Lehen mugimendu handia izaten zuten poligonoetan orain lasaitasun handia dago. Alde onari begiratuta, kutsadura mila aldiz guttiago izanen da. Bertze aldetik, etxetik kanpo bazkaltzea ia ezinezkoa da, etxetik hartzen dugu bazkaria edo bertzela, snack edo poltsetako litxarreria batzuk pikatu eta etxera ailegatutakoan ongi bazkaldu. Komunak irekitzea eskatzen baduzu, normalean arazorik gabe irekitzen dute.

«Ostalaritza, turismoa… ukituak geldituko dira. Gure sektorean horien behar handia ere badugu eta hau soka bat da. Azkenean denak ukituak geldituko gara»

Gehien aditzen diren solasak “hau dena bukatzen denean” izaten da… Zuen egoera zertan aldatuko da hau dena bukatzen denean?

Hau dena bukatzen denean ez da erraza izanen normaltasunera bueltatzea. Ostalaritza, turismoa… ukituak geldituko dira. Gure sektorean horien behar handia ere badugu eta hau soka bat da. Azkenean denak ukituak geldituko gara. Industria handiagoak eta espero dut indarrarekin hastea, baina hori da nik espero dudana, gero zer gertatuko den… Denborak erranen du!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun