Sarearen helburua da hiri inklusiboak eta integratzaileak eraikitzen laguntzea, gizarte-kohesioa indartzeko eta etorkinen eta errefuxiatuen gizarteratzea sustatzeko Europar Batasuneko lurraldean. Nafarroa Foru Komunitate gisa elkartu zaio Eskualdeen Europako Batzordearen ekimenari (Europar Batasuneko organo aholku-emailea da batzordea) eta funtsezkoa da ekimenean partaide izatea orobat Bera eta antzeko udalerri eta toki erakundeak. «Europan dugun presentzia indartsuagoa izanen da elkarlanean aritzen bagara bai eskualdean, bai tokian-tokian; eta, bestalde, herritarrek hurbilen duten administrazioa inplikatzea bide paregabea da bizilagunak inplikatzeko. Horregatik, gure esker ona berresten dizugu», adierazi dute eskertza-oharrean.
Nafarroako Gobernuak, eta zehazki Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuak, konpromisoa hartu du atxikitako erakunde guztiei uneoro jakinarazteko zein diren Sarearen barrenean elkarrekin lan egiteko aukerak. Hala bada, bilera bat egiteko asmoa zeukaten atxikitako erakundeetako ordezkariekin, bileran bertatik bertara ezagutu ahal izateko Europar Batasunak arlo horietan egiten duen lana, baina egungo egoera dela eta, atzeratu behar izan dute.