COVID-19: Elkarrizketak

«Presoak bisitarik gabe gelditu dira eta ez dakigu noiz izanen dugun berriz ikusteko aukera»

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 28a, 10:30

Eli Iturria Mikel Karrera presoaren bikotekidea da.

Eli ITURRIA ALMANDOZ, Mikel Karrera Sarobe presoaren bikotekidea

Eli Iturria eta alaba martxoaren 14an joatekoak ziren Lannemezanera bisitan, konfinamendua indarrean sartu zen asteburuan. Maletak ere prestatu zituzten, nahiz eta azkenean bisitarik gabe gelditu ziren. Beraiek bezala, estatu espainiarrean eta frantziarrean dauden preso guztiak bisitarik gabe gelditu dira, eta ez dakite noiz arte.

Koronabirusak bete-betean eragin die presoei ere. Bisitarik gabe gelditu dira, Iturriak dioen bezala, «hiru astetik behin hartzen genuen indar dosirik gabe». Eli Iturria Almandoz eta 6 urteko alaba aranztarrak martxoaren 14an joatekoak ziren Lannemezango espetxean dagoen Mikel Karrera Sarobe bikotekidearengana eta aitarengana bisitan. Asteburua elkarrekin pasatzekoa zuten, eta ilusio horrekin egin zituzten maletak. «Azken momentuan», ordea, ez joatea erabaki zuten. «Mugak ixteko kontua aipatu zuten eta ez ginen ausartu». Badirudi joateko arazorik ez zutela izanen, baina ezin jakin bueltarako nola ibiliko ziren, martxoaren 16ko gauerdian Espainiako Gobernuak mugak itxi baitzituen.

Espetxe barrenean berdintsu
Kanpoko guztiei itxi dizkiete espetxeko ateak; senideei eta «ikastaroak ematera joatekoak ziren irakasle guztiei». Espetxera eta espetxetik «sartzen eta ateratzen diren bakarrak funtzionarioak» omen dira. Konfinamendua indarrean sartu zenean «hasieran higiene neurririk hartu gabe» ibili omen ziren «eta aste baten buruan edo, maskarak eta eskularruak erabiltzen hasi ziren». Hortik aparte, presoak izan ziren «egunero hainbertze lagunek erabiltzen duten kabina garbitzeko toallitak edo garbitasunerako zerbait eskatu zituztenak eta paratu zizkieten».

Eguneroko martxan, ordea, «berdin segitzen dutela» aipatu digu Iturriak: «12 euskal preso dira eta egunero egoten dira elkarrekin. Bakoitza bere txabolan dago baina patio berera ateratzen dira. Osasunez ongi eta giro onean daude, eta elkarren babesa dute». Oraingoz ez da kasu positiborik izan Lannemezanen eta alde horretatik «kontent» dago aranztarra. «Kasu positiboren bat ateratzen bada, egoera aldatuko zaie. Oraindik ez diete deus ere erran, baina seguru aski txabolan isolatuko dituzte».

«Egunerokotasunean Mikel ikusi gabe bizitzera ohituta bagaude ere, bisitak ematen digun indar dosi horren falta sumatzen dugu, gorputza horretara jarria balego bezala»

Karrera ongi dagoela jakiteak indarra ematen die ama-alabei. Hala ere, bisitarik gabe gelditu izana ez zaie erraza egiten ari. «Gezurra iduri badezake ere, gorputza, burua eta sentimenduak hilabete edo hiru astetara elkar ikusteko programatuak daude. Azken urteak horrela daramatzagu eta egunerokotasunean Mikel ikusi gabe bizitzera ohituta bagaude ere, bisitak ematen digun indar dosi horren falta sumatzen dugu. Bisita tokatzean, horretarako aukerarik ez badugu, gorputzak sumatzen du, horretara jarria balego bezala». Eta hori «alabari eta bioi» pasatzen omen zaie.

Bideo-deirik ez
Karrerak martxoaren 6an jaso zuen azken bisita, «eta alabak eta biok otsailaren 24ko asteburuan ikusi genuen azkenekoz». Geroztik, telefono bidez mantentzen dute harremana, «lehen baino gehiago», dio Iturriak. «Bisitarik gabe gelditu izanaren truk, estatu espainiarrean presoei bideo-deiak egiteko aukera eskaini diete, baina estatu frantziarrean berdin segitzen dute. Lehen bezala ordaindutako deiak egiteko aukera dute eta kabinan sartzen duten diru kopuruaren araberakoa da deien maiztasuna». Hala ere, «aldaketa bat» egin dutela kontatu digu: «maiatzaren 17an konfinamenduan sartu zirenean telefonoz deitzeko 20 euro sartu zizkieten eta apirilean 40 euro sartuko dizkietela erran dute, bisiten truk».

«Hasierako desilusioa, disgustua eta tristura gainditu eta egoera barneratu dugu»

«Bideo-deiak nahiago» lituzkeela aitortu digun arren, telefono dei arruntekin estali nahi dute bisitarik ezaren hutsunea, nahiz eta ez den gauza bera. «Badaki etxean gaudela eta etxean egoteaz gain, bisitaren falta hor dugu eta gehiago deitzen du». Alaba ikusi gabe «bi hilabete» daramatzala oroitarazi du aranztarrak eta «presentzia hori markatzeko eta alabak ere attarekin egon nahi duelako» ongi heldu zaizkie deiak. Hilabete eta pasatxoren ondotik, «egoera barneratu» badute ere, hasieran «burukominak» eragin omen zizkien konfinatzeko aginduak: «Bisita hitzartua genuen asteburua nahasi samarra izan zen. Azken momentura arte ez genuen joateko ilusioa galdu baina azkenean, Mikel ikusi gabe gelditu behar izan genuen». Ondoko astea «kritikoa» izan zela onartu du. Dena den, «hasierako desilusioa, disgustua eta tristura gainditu eta egoera barneratu dugu».

Elkartasun keinuak
Konfinamendua hasi zenetik presoei idazteko deia egin izan dute senideek. «Hemengo berri gustura hartzen dute», gaineratu du Iturriak: «Beti astirik ez dugula erraten dugu, baina orain badugu eta egiten ahal dugu». Iturriak «umeekin gaia lantzeko» proposamena ere luzatu du: «umeekin egiten ahal diren marrazkiak edo bertzelako gauzak baloratzea gustatzen zait. Marrazki bidez, honen atta edo haren ama preso dagoela azaltzen ahal diegu haurrei». Bidalitakoa «normalean hamar egun eta orain auskalo zenbat gibelatuta» hartzen duten arren, «beraientzat karta edo marrazki bat jasotzea hagitz adierazgarria da» eta horretarako gonbitea luzatu du.

Maiatzaren 20a ere begiz joa dute, egun horretan hamar urte beteko baitira Karrera atxilotu zutela. «Egun horren bueltan, lagunartean, mendi irteeraren bat eta bazkari bat egiteko asmoa genuen. Ez preziski ospatzeko eguna delako, baina bai barrote tartean hamar urte daramatza oroitarazteko». Koronabirusak, ordea, hankaz gotti utzi die hitzordua.

«Attatto falta dugu»

Gainerakoan, «eurek gu noiz joanen garen eta gu hau noiz bukatuko den esperoan» pasatzen ari zaizkie egunak. Eliren irudiko, «espetxeek ez dute lehentasunik izanen», eta gainera, «gure kasuan, bi estatu pasatu behar ditugunez, zailtasun gehiago izanen ditugula iruditzen zait». Egoera luzatzen ari denez, «ezjakintasun horrekin» bizitzea tokatzen ari zaie. «Bisita noiz izanen dugun dakigunean, data horri begira egoten gara, baina orain ez dakigu deus». Zerbait erratearren, buruan «ekaina» omen du sartua, «baina igual uztaila ere izaten ahal da». Bertzela, «ongi» daudela dio, baina argi utzi du: «Mikelekin egoteko gogoz gaude». Amak errandakoa berretsi du gibeletik alabak: «attatto falta dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun