Hilabete eta erdi daramate haurrek etxean. Zure ustez horrek nola eragin du haurrengan?
Familia bakoitzari modu hagitz desberdinean eragin dio konfinamendu egoera honek, eta familien barrenean haurren egoera sartzen dugu. Badira guraso batzuk etxetik lan egin behar izan dutenak, etxean haurrak dituztenak, eta egoera hori guztia kontziliatzea momentu batzuetan zaila izan da. Haurraren adinak ere eragina izan du. Haur ttikiek, 6 urte bitarteko haurrek, ez dute hain ongi ulertzen ezin dela etxetik atera eta zentzu horretan frustrazioa erregulatzea zailagoa da. Koskorragoak diren haurrek egoera ulertzen dute, emozionalki erregulazio maila helduagoa dute eta errazagoa egiten ari zaie. Nerabeen kasuan egoera delikatua da. Hain zuzen gurasoengandik indibidualizatzeko prozesuan inoiz baino elkartuago egon behar izan dute.
«Sistema familiarra nahiko osasuntsua dutenen kasuan, konfinamenduaren ondorioak ez dira larriak izanen baina delikatua dutenen kasuan, egoerak okerrera egin dezake»
Kasuaren arabera, beraz, ondorioak aldatzen dira. Sistema familiarra nahiko osasuntsua dutenen kasuan, ondorioak ez dira larriak izanen, guraso horiek beraien seme-alabei ziurtasuna eskaini dietelako eta nolabait segurtasunak lasaitasuna eskaintzen dielako. Baina sistema familiarra delikatua duten haurretan, tratu txarrak jasaten dituzten haurren inguruan, genero indarkeria dagoen familietan… egoerak okerrera egin dezake, haurrak ez duelako segurtasunik sentitzen eta liskarrak areagotuz, angustia sentimendua ere areagotzen ahal da.
Haurrek atzerapauso bat izan dezakete. Normalean banaketarako arazorik ez duten haurrek orain beharbada banaketaren angustia senti dezakete. Krisi egoera batek eragin dion beldurrak eraginda urduriago sentitzen ahal da. Horregatik garrantzitsua da lotura afektibo hori ongi blindatzea, eta goxotasunez segurtasun eta lasaitasun sentimendua transmititzea.
«Haur batentzat ez da gauza bera balkoirik ez duen etxe batean bizitzea edota baserri edo lorategia duen etxe batean bizitzea»
Haur guztiak ez dira egoera berean bizi. Pentsatzen dut horrek ere baldintzatuko dituela bakoitzaren beharrak, ezta?
Dudarik gabe. Haur ttikiak dituzten familietan egoera ulertzeko zailtasunak izan ditzakete eta horrek egoera zailtzen ahal du. Egoera ekonomikoa ere nabarmen gelditzen da agerian: haurrek denbora pasatzeko izan ditzaketen baliabideak (Internet, baliabide teknologikoak...) edo baita espazioa fisikoa ere. Haur batentzat ez da gauza bera balkoirik ez duen etxe batean edo baserri edo lorategia duen etxe batean bizitzea. Konfinamendu egoeraren ondorioetako bat beharbada, alde horiek nabarmen agerian uztea izanen da. Lorategia duten edo baserrian bizi diren haurrek ez dute hainbertzeko beharrik konfimamenduaren zati honetan kanpora ateratzeko, beraiek ateratzen direlako. Baina hiri batean, balkoirik gabe dauden familiek haizea hartzeko behar hori ez dute bermatua izan orain arte.
Landa eremuan bizi garenez, horrek itxialdia hobea izaten lagundu ote digu?
Bai. Hiri handiek, zoritxarrez, bertzelako baldintzak dituzte, bertzeak bertze, kutsatzeko arriskua proportzioan handiagoa dute, eta beraz, beldurra handiagoa dela iruditzen zait. Gainera, gure eskualdeko datuak nahiko onak izan direla iruditzen zait eta egoera horrek ere lasaitasuna ematen du. Landa eremuak, bizi kalitatearen aldetik ere, onurak ditu. Leihoa irekita mendia ikustea... Familia aunitzek mendia hurbil dute, edo belar puska bat ondoan ariketak egin ahal izateko, eta hori momentu honetan urrea da.
«Haurren beharrak ez dira hainbertze kontuan hartu»
Konfinamendu garaian maiz izan dira haurrak hizpide, kritika aunitz izan dira. Haurrak ez direla kontuan hartu uste duzu?
Egoera zaila da eta pentsatzen dut dena kontutan hartzea ere zaila izan dela Gobernuarentzat. Ahalik eta hobekin egin nahi izan dutela pentsatu nahi dut, baina ekonomiak izan du pisu haundia eta horren arabera konfinamendu neurriak moldatu dituzte. Haurren beharrak, aldiz, bozik ez dutenez, ez dira hainbertze kontuan hartu. Gurasooi dagokigu beraiei ahotsa ematea, baita instituzioei ere.
Aldiz, Iparraldean edo Europako bertze tokietan ateratzeko aukera izan dute…
Europako bertze tokietan ateratzeko aukera bada, eta ikusi denez, ez da hainbertze aldatu birusaren hedapena karrikara pixka bat ateratzeagatik. Gainera, erranen nuke, haurren eta helduen osasuna zaintzea garrantzitsua dela, hain zuzen ere kutsatzeko zailtasun gehiago izateko eta kutsatuz gero osasuntsu egoteko. Eta alde horretatik, garrantzitsua da ariketa fisikoa egitea, eguzkia hartzea… Hau da, egoera honetan garrantzitsua da osasuntsu mantentzea eta horretarako osasuna modu integralean kontutan hartu behar da. Horrek erran nahi du ariketa fisikoa garrantzitsua dela.
Igandetik aitzinera badirudi ateratzen ahalko direla. Hasieran erosketak egitera erran zuten, eta gero paseo bat ematera ere bai. Zer iruditzen zaizu neurria?
Erosketak egiteko neurria berriz ere helduen beharretatik abiatutako neurria da. Haurrak ez du erosketak egiteko beharrik, hori helduen kontua da. Haurrak haizea hartu, paseatu, mugitu, eguzkia hartu… hori behar du. Haurrak gorputzetik, emoziotik, ikasten ditu gauza aunitz eta garrantzitsua da.
«Haurrei zein baldintzatan ateratako garen azaldu behar zaie»
Paseo horiek nolako baldintzatan egin beharko liratekeela iruditzen zaizu?
Afektiboki ziurtasuna ematea, ama edo aitarekiko lotura afektibo hori kanpoan ere mantentzea, garrantzitsua iruditzen zait. Zorionez, landa eremuan kokatzearen abantaila handia dugu. Mendia hurbil dugu, eta segurtasun tartea mantenduz naturan haizea hartzeko ez dugu batere zailtasunik. Naturarekin harremana ahalbidetzen duen ateraldiak izan beharko lehentasuna. Eta atera baino lehen, haurrei zein baldintzatan aterako garen azaldu behar zaie. Berarekin gaudela erran behar diogu eta poliki-poliki eginen dugula, ongi aterako dela, pazientzia izateko, ongi ari direla.
Eskolako martxa etxean segitzeaz zein iritzi duzu?
Familia batzuk haurren eskolako segimendua egiteko aukera dute. Bertze batzuetan gurasoak etxetik lan egiten ari dira, eta etxeko lanak ere hor daude: otorduak, erosketak. Egoera honetan ezinezkoa da etxean eskolan bezala ikastea, deus gertatuko ez balitz bezala. Eskolako erritmoari ezin diogu segitu, denak konfinamendu egoeran gaude eta. Baina nolabaiteko segimendua egitea eta goiza egituratzeko etxeko lanak egitea ez zait gaizki iruditzen. Baina ez dugu ahantzi behar zein egoeratan gauden eta etxeko lanen afera bertze maila batean kokatu behar dugu. Haurrekin gaudela, autonomia lantzea, kozinatzea… Normalean ezin ditugun jarduerei erreparatzeko abagunea izan daiteke eta aprobetxatu behar da.
«Kasu eman behar da haurrak sentitzen ahal duen errudun sentimenduarekin»
Zein aholku emanen zenieke gurasoei?
Ari garela, poliki poliki, bakoitzak ahal duguna egiten dugula, batzuetan hobe eta bertzeetan ez hain ongi. Errudun sentitu gabe egiten dugunaren ardura hartu behar dugu. Haurrekin gure akatsei ere erreparatzen ahal diegu eta hori ere garrantzitsua da, gure seme-alabek perfektuak ez garela ikusten dute, eta horrek humano egiten gaitu.
Lotura afektiboari garrantzia emanen nioke, etxeko lanei baino gehiago, nahiz eta horiek ere garrantzia duten. Malgutasuna ere garrantzitsua da. Egitura, ordutegiak eta telebista edo pantaila aitzinean pasatzen duten denbora neurtzea garrantzitsua da, baina malguak izan behar dugu, denak konfinamendu egoeran gaudelako. Laguntzea da bertze hitz gakoa, nola lagundu haurrei edo nola sostengatu haurrak prozesu honetan. Emozioei bidea eman behar zaie, sentitzen dutena adierazteko leku edo espazio bat eskainiz. Berarekin ondoan egonez laguntzen ahal diogu emozioekin, sentitzen duenari hitza emanez. Egoera honetan elkar lagunduz ari gara, baita helduok ere.
Zoritxarrez, haurrengan ardura haundia jarri da, gaizki ulertuz, birusaren transmititzaile balira bezala. Kasu eman behar da haurrek sentitzen ahal duten errudun sentimendu horrekin. Orain kanpora ateratzen hasten direnean, lasaitasuna transmititzea garrantzitsua da, eta ardura ez da beraiengan jarri behar. Haur batek agian ez du bere lagun bat ikusi nahiko lagun hori amatxirekin bizi delako eta amatxi kutsatzeko beldur delako… Kate horretan sartzeak ez du merezi.
Eta irakasleei?
Irakasleek ez dute paper erraza. Beraien lana egiten jarraitu nahi dute eta... Egoera honetan gauza aunitz aldatu behar izan dituzte. Horrek lan gehiago sortu die, nahiz eta ez dugun ikusten. Kulpa, ardura eta exijentzia apaltzea garrantzitsua da hemen ere.