Nafarroako edo eskualdeko bertze eremuekin konparatuz, Covid-19an positibo eman dutenen kopurua baxua da Bortzirietan. Mila biztanletik batek eman du PCR proban positibo eta «8.000 biztanleko eremu batean hori gutti» dela uste du Ruth Gonzalez Santo Tomas Bortzirietako Osasun Zentroko zuzendariak. Gehiago ere bai. Zahar etxe gehienetan kopuruak altuan diren arren, «ez Lesakako zahar etxean, ez Berako zahar etxean, ezta Berako Maddi egoitzan ere positiborik ez dela izan» baieztatu du. 2011z geroztik Bortzirietan mediku lanetan eta azken sei urte baino gehiagotan osasun zentroko zuzendaria denak Bortzirietako egoeraren berri eman dio TTIPI-TTAPAri.
«Zientifikoki ezin dugu arrazoia azaldu, baina Gipuzkoan kasu gutti agertu izana eta guk Gipuzkoarekin harreman gehiago izatea izan daiteke Bortzirietan kasu gutti agertu izanaren azalpena»
Nola daramazue koronabirusaren gaia Bortzirietan?
Bortzirietan kasu gutti izan dira eta alde horretatik zorte handia izan dugu. Zientifikoki ezin dugu arrazoia azaldu, baina ditugun positibo kopuruak ikusita, Gipuzkoan positibo gutti agertu izana eta guk Gipuzkoarekin harreman gehiago izatea izan daiteke azalpen bakarra. COVID-19aren aitzinean foku garrantzitsua izan da Iruñea, baina gure kasuan, gure erreferentziako ospitalea Hondarribiko Bidasoa Ospitalea izanda, pazienteak hara bideratzen ditugu. Gisa honetara, Bortzirietako herritarrak Iruñeko koronabirus pazienteengandik kutsatzeko arriskutik libratu direla erran dezakegu.
Aldaketa handia izan duzue eguneroko martxan?
Kontsultategi batzuetan aldaketa batzuk egin behar izan ditugu eta arreta bi zatitan antolatu dugu. Alde batetik, Covid-19arekin zerikusirik ez dutenak goizeko lehenbiziko orduetan artatzen ditugu eta bertzetik, arnasketa arazoak dituztenak hondarreko orduetan. Horrela, kontsultategietan kutsatzeko arriskurik ez izatea bermatu nahi dugu. Etxalarren, erraterako, orain arte egun batzuetan lehenbiziko orduan eta bertze egun batzuetan azken orduetan egiten genituen kontsultak, Berako kontsultekin tartekatuz. Orain, ordea, kutsatzea saihesteko, Etxalarko kontsulta guztiak lehenbiziko orduetan egiten ditugu eta Beran ere pazienteak bi zatitan artatzeko aukera dugu. Pediatriako ordutegia ere aldatua dugu. Haurrak lehenbiziko orduetan artatzen dira eta arnasketa arazoak dituztenak, berriz, azken orduetan. Arantza eta Igantziko kontsultategiek, ordea, orain arte bezala funtzionatzen segitzen dute.
Ohiko kontsultek segitzen dute?
Mediku eta erizainek euren kontsultako ordutegiarekin segitzen dute, baina 08:00etatik 09:30era pazienteak telefonoz artatzen ditugu. Goizetan osasun zentrora deitzen duten pazienteen deiak administrariak hartzen ditu eta gero mediku eta erizainek deia itzultzen diete. Posible baldin bada, arazoa telefono bidez konpontzen saiatzen gara eta ezin bada, aurrez aurreko hitzordua ematen diegu. Hori bai, konfinamendua hasi zenetik espezialisten kontsultarik ez dugu eskaintzen. Osasun mentaleko eta errehabilitazioko mediku espezialistak ez dira etortzen eta behar hori dutenei Iruñetik telefono bidez eskaintzen diete zerbitzua. Gainerakoan, ordutegia aldatuta baina emagina ere lanean ari da. Haurdunaren kontrola egiten segitzen du nahiz eta kontsulta aunitz telefono bidez egiten dituen.
«Orain arte etxean minari eusten egon direnak orain hasi dira osasun zentrora deika»
Ohiko kontsultek beheiti egin dute?
Hasieran, jendeak beldur handia zuelako edo, nabarmen egin zuten beheiti. Behar-beharrezkoa ez bazen nahiago zuen osasun zentrora ez etorri. Orain hasi gara horren ondorioa nabaritzen. Orain arte etxean minari eusten egon direnak deika hasi dira. Bertzetik, etxez etxeko kontsulta gehiago eskaini ditugunez horietan denbora gehiago pasatu dugu, baina koronabirus kasu gutti izan ditugunez, ez dugu gainezka egin.
Baliabide aldetik nola ibili zarete?
Hasieran kasu aunitz izanen balira ez genuela material aski izanen sentitzen genuen. Baina hori horrela izan ez denez, nahiko ongi moldatu gara. Biltegian maskara guttirekin hasi genuen konfinamendua eta Iruñetik materiala ailegatu bitartean, ebolaren planetik gelditu zitzaiguna berreskuratuz moldatu ginen. Behin materiala ailegatuta ez dugu arazorik izan. Egia da kalitate txarreko bata batzuk jaso genituela baina ez ginen gaizki ibili. Prestakuntzan denbora gehiago pasatu genuen, bereziki zuzendaritzakook denbora aunitz pasatu genuen profesionalen antolakuntzan.
Gaur egun segurtasuna bermatua duzue?
Baietz uste dut. Koronabirusaren susmoa dugunean eta aurrez aurre tratatu behar ditugunean, babes neurriak hartzen ditugu. Ez dugu materiala barra-barra gastatzeko adina baina guttieneko segurtasunarekin lan egiteko adina bai.
Ustezko sintomak dituztenekin zein duzue prozedura?
Osasun zentrora deitzen dutenean eta kutsatuta egon daitekeela uste badugu, hasieran telefono bidez artatzen ditugu. Sintoma larririk ez badu eta etxean egon badaiteke, zer egin behar duen, isolamendua nola egin behar duen edota zer kontrolatu behar duen azalduz dokumentazioa bidaltzen diogu. Hortik aitzinera egunero telefono bidez segimendua egiten diogu. Normalean bere medikua izaten da hortaz arduratzen dena. Eta aurrez aurreko kontsulta behar badu, berriz, etxera joatea erabakitzen dugu. Kasu bakan batean baino ez da etorri pazientea osasun zentrora. Birusa zabaldu ez dadin nahiago izaten dugu etxeetara joan. Medikua eta erizaina joan ohi gara eta medikua izaten da Norbera Babesteko Ekipamendua soinean pazientearengana miaketa eta balorazioa egitera sartzen dena. Erizaina kanpoan gelditzen da gero medikuari materiala kentzen edota desinfentatzen laguntzeko.
Bortzirietako osasun langileen artean kasu positiborik izan duzue?
Bai. Joan den astean test azkarrak bidali zizkiguten eta bidalitakoak osasun profesionalei testak egiteko erabili genituen. Administrari batek positibo eman zuen baina gero, PCR proba egin ondotik, negatibo eman zuen. Horrek erran nahi du dagoeneko gaixotasuna gainditu duen asintomatiko bat izan dela. Erizain batek ere positibo eman zuen baina hamabortz egun baino gehiago daramatza zahar etxe batean lanean eta han kutsatu delakoan gaude.
«Orain arte positibo eman duten zortzi kasuez gainera, susmoa dugun 60 kasu zenbatu ditugu Bortzirietan. Horietatik bederatziri egiten diegu gaur egun segimendua. Gainerakoak sendatu direlako»
Azken datuen arabera, Lesakako oinarrizko eremuan zortzi koronabirus kasu baieztatu dituzte. Nafarroako eta eskualdeko bertze eremuekin alderatuz, portzentajea baxua da...
Bai, hagitz baxua, eta gainera, positibo horietatik bi osasun arlokoak dira, Iruñeko eta Donostiako ospitaleetan lanean ari diren medikuak. Horiek ez ditugu guk artatu. Izan ditugun gainerako kasuak Bidasoa Ospitalera bidali ditugu eta han egindako probetan baieztatu ahal izan dugu positibo direla. Batzuk ospitaleratuak izan dira baina ez egoera larrian eta gainerakoak etxeko zaintzapean egon dira. Hortik aparte, susmoa izan dugun 60 kasu zenbatu ditugu eta horien artean, bederatziri egiten diegu gaur egun kontrola. Gainerakoek berrogeialdia pasatu dute eta sintomarik gabe daude. Halere, guztiei, sendatuak daudenei eta gaur egun oraindik sintomak dituzten bederatzi horiei, egunotan jasotzekoak ditugun test azkarra eginen diegu eta hala baieztatuko dugu egiatan positibo diren ala izan diren edo ez. Edozein moduz, 60 kopuru ttikia da 8.000 biztanle dituen eskualde baterako.
«Oraingoz koronabirusaren ondorioz ez da inor hil Bortzirietan»
Koronabirusaren ondorioz, hildakorik izan da Bortzirietan?
Ez, oraingoz ez. Gaur egun, hasieran positibo eta gerora negatibo eman duen Bortzirietako bakarra dago ospitaleratuta, baina bertze arrazoi bategatik segitzen du han; minbiziagatik. Lehenagotik ospitaleratutako bat baino gehiago izan dira baina larri ez. Alta jaso dutenei guk egin diegu segimendua.
Zein dira positibo eman duten horien ezaugarriak?
Hasiera batean eskualdetik kanpo kutsatutako familia bateko kasuak agertu ziren, gerora positibo eman zutenekin harremanetan egonak zirelako. Gainerakoan, bertze arrazoi batengatik ospitalera joan eta positibo eman dutenak dira.
Zahar etxeak koronabirusaren foku nagusietako bat dira. Zein da Bortzirietako bi zahar etxeetan egoera?
Ez Lesakako zahar etxean, ez Berako zahar etxean, ezta Aspaceren Berako Maddi egoitzan ere, ez da positibo bakar bat ere zenbatu. Horrek erran nahi du Bortzirietan ez dela transmisiorik izan. Hasieratik bisitak bertan behera utzi zituzten eta neurriak hartu zituzten. Kanpoan ere kasu gutti izan direnez, ez da zahar etxeetara ailegatzeko aukerarik izan.
Test azkar gehiago jasoko dituzue?
Erregistratutako koronabirus kasuen arabera bidaliko dizkigute. Hala ere, orain Iruñean PCR probak eskatzeko aukera dugu eta Iruñera joan ezin dutenen kasuan, horretarako prestatutako lantaldea etorriko litzateke. Herenegun Lesakako bi pazienteri proba egiteko eskaera egin nuen eta atzo baieztatu zidaten bati Iruñean hitzordua emanen diotela eta bertzeari, adinekoa denez, ahalik eta agudoen etxean eginen diotela proba.
Test azkarren kasuan laginak nondik atera zalantzak izan ziren hasieran...
Bai, baina Iruñetik erran digutenarekin eta testak berak dakartzan argibideak leitu ondotik, zainetako odola ateratzea erabaki dugu, batez ere, proba egiteko odol nahikoa bermatzeko. Beti erizain bera arduratuko da horretaz, ahalik eta aldakortasun guttiena izateko.
Herritarren artean kezka sumatzen duzu?
Bortzirietan kasu gutti agertu direnez, egiatan badiren edo ez galdetzen digute. Jendeak birusa honat ez dela ailegatu pentsatzen duelako ustea dut baina kasuak hemen ere badira eta garrantzitsua da neurriak hartzea. Ez gara immuneak.
«Birusaren bigarren bolada bat etortzen bada, gaixotzeko arrisku handiagoa izanen dugu Bortzirietan, orain hain kasu gutti izanda immunitatea baxua delako»
Nolakoak izanen dira ondoko egunak eta asteak?
Hain kasu gutti izanda immunitatea baxua da Bortzirietan eta birusaren bigarren bolada bat etortzen bada, gaixotzeko arrisku handiagoa izanen dugu eta horrek kezkatzen gaitu. Baina orain arte ikasi dugunarekin espero dugu prestatuak izatea.