Zilarrezko Haria: pertsona nagusien artean hitz egiteko doako telefonoa eskaintzen du Nagusilanek

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 21a, 12:00

Bakardadean dauden adineko pertsona guztiek erabil dezakete zerbitzua, hitz egin eta entzunak izan nahi badute.

Bortzirietan ere balia daiteke zerbitzua, Gizarte Zerbitzuekin eta Elkarrizan taldearekin elkarlanean

Koronabirusaren ondorioz bizi dugun egoeraren aurrean, Nagusilanek bakardadean aurkitzen diren adineko pertsonei laguntzeko doako telefonoa indartu du. 900 713 771 telefonoa doakoa da, eta bakardadean dauden adineko pertsona guztiek erabil dezakete, hitz egin eta entzunak izan nahi badute. Izena eta telefonoa erantzungailuan utzi ahal izanen dituzte, eta elkarteko boluntarioek ahalik eta lasterren deituko diete. Nagusilan elkarteak bi urte daramazki Bortzirietako Gizarte Zerbitzuekin eta Elkarrizan Laguntza Emaile Taldearekin elkarlanean eta hortaz, bortziritarrek ere erabil dezakete  zerbitzu hau doan.

Horrez gain, 688 741 451 telefonora deitu dezakete 10:30etik 14:30era, edo WhatsApp bat bidali. 

Pertsona adinduak identifikatuta dituzten edozein arlotako profesionalei ere zuzendu diete deialdia: hitz egiteko beharra duten adineko pertsonak ezagutzen badituzte gure boluntarioekin harremanetan jartzera animatzen diegu. Zerbitzua hilodeplata@nagusilan.org helbide elektronikoaren bidez eska dezakete. 

Helburuak emozionalki laguntzea eta konfinamendu-orduetan solasaldi atsegina izatea dira. Akonpainamendu guztiak Nagusilaneko boluntarioek egiten dituzte; izan ere, urteak daramatzate bakardadean dauden pertsonei laguntzen, eta entzuteko eta laguntzeko prestakuntza jaso dute. Zerbitzua erabat doakoa da, eta dagoeneko martxan dago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun