Sanferminetako kartel eta programaren azal lehiaketara lanak aurkezteko azken egunak dituzte Lesakan

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 5a, 07:29
Sanferminak ospatzeko aukera noiz izanen den oraindik jakin ez badaiteke ere, kartel eta programaren azal eta kontrazal lehiaketetako deialdia egin du Lesakako Udalak.

Lanak maiatzaren 8a baino lehen aurkeztu beharko dira eta herri bozketaren bidez aukeratuko dira irabazleak

Lesakako Udalak, 2020ko Sanferminetako programaren azala eta bestak iragarriko dituen kartela aukeratzeko lehiaketa deitu du, Lesakan jaio edota bertan bizi direnentzat. Lanak udal bulegoetan aurkezteko epea maiatzaren 8ko 13:00etan bukatuko da, lehiaketa hauetan ohikoa den sistema erabiliz.

Azalen neurria 210x297 mmkoa izanen da osotara eta kartelena 420x594 mmkoa. Derrigorrez, ‘Lesaka 2020ko Sanferminak’ agertu beharko dute.

Kartel nahiz azal lehiaketen irabazleek 250 euroko bonoa eramanen dute, Lesakako ostatu, denda eta zerbitzuetan gastatzeko. Kartela argitaratu eginen da eta azaleko lehen saria programaren aitzineko azalean joanen da.

Bertze aldetik, gibeleko azala aukeratzeko, Lesakako ikastetxetan ikasten ari diren 6 urtetik 12ra bitarteko haurrei zuzendutako portada lehiaketa ere deitu du Udalak. Hauen lanak ere maiatzaren 8rako aurkeztu beharko dira udal bulegoetan. Irabazlearendako saria, Lesakako dendetan eskolako materiala erosteko 100 euroko balioa duen taloia izanen da, eta irudia programaren gibeleko azalean argitaratua ikustea, noski.

Aurkezten diren lan guztiekin erakusketa bat osatuko da Beheko Plaza 5eko udal bulegoan maiatzean (datak aitzinerago erabakiko dira). Azken urteetako ohiturari eutsiz, herri bozketak erabakiko du lehiaketa. Horretarako, erakusketak irauten duen bitartean, bertan, bozka emateko aukera izanen dute Lesakan jaioak edo bertan erroldatuak direnak. Honetaz gain, udalaren webgunearen bidez ere bozkatzeko aukera izanen da.

Egungo egoera kontutan hartuta, Lesakako udalarentzat segurtasuna izanen da lehentasuna, gainerakoa (bestak barne) bigarren mailan geldituz. Honela, arduraz jokatu eta bestak gibelatzeko aukera ere hor da. Hala izanda ere, sariak bere horretan mantenduko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun