«Nahiz eta arriskutsua izan, lanera joatera derrigortzen gaituen sistema batean bizi baldin bagara, sistema hori ongi dagoen edo ez pentsatu beharko genuke». Halaxe, argi eta kritiko, mintzatu da Jabier Telletxea Gago beratarra. Txinatik egin ditu solas horiek, koronabirusa tarteko, azken hilabete eta asteotan hain ezagun egin den Wuhan hiriburutik 300 bat kilometrotara dagoen Dangyang herritik. Hubei probintzian daude bai Dangyang baita COVID19a lehenbizikoz sortu zen Wuhan ere, eta ezaguna du egoera.
Sistemarekiko kritika horiek, ordea, ez dira Txinako sistemari egindakoak. Euskal Herrikoaz eta Europakoaz ari da, Txinan lehentasuna herritarren osasunak izan duela baitio.
«Hubeiko eremu honetan, milioi erdi biztanle gara, Nafarroa osoan bezala eta hemen 61 positibo izan ditugu eta hildako bakar bat ere ez».
Urtarrilaren erdialdetik martxoaren erdialdera berrogeialdian egon dira Hubei probintzian, Telletxeak dioen bezala, «etxetik atera gabe eta etxetik kanpo lanik egin gabe». Hain zuzen, herritarrek «Gobernuak ezarritako neurriak zorrotz bete» izanaren erakusle dira datuak bere ustez: «Hubeiko eremu honetan, milioi erdi biztanle gara, Nafarroa osoan bezala. Hemen 61 kasu bakarrik izan ditugu eta hildako bakar bat ere ez». Honela gaineratu du: «urtarrilaren 24an hasi ginen berrogeialdian eta estatuarenak diren fabrika handienetan martxoaren 11n bueltatu ziren eta gainerakoak 16an». Tarte horretan etxetik aritzeko aukera izan dutenak bakarrik aritu dira lanean. «Hilabete eta erdiz dena geldirik egon da», azpimarratu du. Kontatu digunez, «gehienez auzoan 200 metro egiten ahal genituen oinez, zaborra botatzera». Gainerakoan, «ez erosketak egitera, ez lanera, ez autoa edo motorra hartuta... ezin izan dugu inora joan». Karrikak mozteko «barrerak» paratu zituzten eta hemen ez bezala, «janaria etxera ekartzen ziguten» eta kanpoan, «boluntarioak eta gobernuko langileak karrikak zaintzen aritu ziren. Ez dugu polizia armaturik ikusi».
«Nafarroan ez dituzue holako neurriak martxan paratu», dio: «gu hasieratik guztiz geldirik egon gara, baina hor lanean segitu duzue. Jendea lanera bidaltzen baduzu, zenbaitetan maskararik gabe eta distantziak errespetatu gabe, nola kontrolatuko da birusa?».
Opor garaia
Abenduan agertu ziren lehenbiziko koronabirus kasuak Wuhanen. «Orduan apenas solas egiten zen horretaz», aipatu digu. Udaberriko oporrekin bat eginez, beraren eta bere emaztearen bizitokia den Shaoxing hiria utzi, eta ohi bezala, oporrak emaztearen familiarekin pasatzeko «urtarrilaren 10ean etorri ginen herrira». Ordurako «SARS birusa bezalako zerbait bazela erraten zutela» gogoan du, «baina ez ginen larritu». Urtarrilaren 20an jakinarazi zuten «pertsonen artean kutsatzen ahal zela eta 23an hiriburuan berrogeialdian sartu ziren. Guri egun bat beranduago tokatu zitzaigun». Hiriburua urruti badute ere «opor garaia izaki, Wuhanen ikasten duten ikasle aunitz herrira bueltatuak» zirela dio, «eta eurekin batera birusa».
Auzolana eta elkarlana
Behin berrogeialdian sartuta, erosketak egitera joateko debekua «hirugarren astean» ezarri omen zuten. «Hasieran oinarrizkoa erostera ateratzeko baimena genuen, baina gero, erosketak etxera bidaliko zizkigutela jakinarazi ziguten. Etxez etxeko banaketa kontrol eta segurtasun neurriak segituz, supermerkatuetako langileek eta boluntarioek egiten zuten. Janari-dendek ezin izan zituzten betiko banaketa enpresak kontratatu».
«Auzolanean lan handia egin da eta bertze probintziek ere lagundu digute».
Auzolanaren garrantzia ere azpimarratu du, «auzoko batzordeen bitartez» funtzionatu dutelako: «auzo bakoitzak gobernuko bulego gisako bat du eta hor antolatzen zen lana, boluntarioekin eta gobernuko langileekin. Auzo bakoitzak bere Wechat [Whatsappen gisakoa] taldea du eta horrat bidaltzen genuen erosketa zerrenda. Handik egun batera edo bitara ekartzen ziguten eskatutakoa etxera. Auzolanean lan handia egin da».
Elkarlana ere goraipatu nahi izan du Telletxeak: «bertze probintziek lagundu digute eta gobernuak baserritarrei erositako barazkiak oparitu zizkigun. Etxez etxe, bizpahiru egunez, aldi bakoitzean bortz-hamar kilo ekarri zizkiguten etxeko atera».
Hortik haratago, bere hitzetan, «metodo sinpleekin» gainditu dute gaitzaren hedapena: «Txinak teknologia aitzineratua duela erran izan dute aunitzek baina Hubei ez dago sobera garatua eta karriketan barrerak paratzea eta etxean gelditzea bezalako metodo sinpleak izan dira neurrien artean eraginkorrenak».
Berrogeialdia
Beratarrari ez zaio gogorra egin konfinamendu garaia: «gezurra erranen nuke gaizki pasatu dudala erranen banu». Unibertsitateko klaseak online emanez eta Youtubeko bere kanala hornitzen duten Txinari buruzko bideoak eginez «hagitz lanpetua» ibili da: «ordenagailu aitzinean denbora aunitz pasatzen dut eta ez dit sobera eragin. Ongi egon gara, jatekoa izan dugu, Copyrightik gabe pelikulak eta telesailak paratu dizkigute, Internet arazorik gabe ibili da eta etxean ongi moldatzen gara».
«40 urtetik goitiko Txinako jendea bertze egoera batzuk ikusitakoa da eta oinarrizkoa eskura izanda, ez zaio berrogeialdia gogorra egin»
Etxetik kanpo, Txinako herritarrek «gobernuak ezarritako neurriei ongi erantzun» dietelakoan dago. Gehiago ere erran digu: «bertze bizi maila batera ohituta daude. Batez ere 40 urtetik goitikoak bertze egoera batzuk ikusitakoak dira eta jatekoa eta oinarrizkoa izan dutenez, ez zaie gogorra egin».
Txinatarren beldurra
Gobernuaren neurrien gainetik «bertze diferentzia bat» sumatu du Telletxeak: beldurra. «Hemen jendea birusaren beldurrez egon da. 2002an Txinan agertu zen SARS birusaren ondorioz, ia mila lagun hil ziren eta hori ez dute atzendua. Orduko birus hura baino kutsakorragoa zela erran zutenean, jendea izutu egin zen» Hala, azaldu digunez, «gobernuak hirugarren edo laugarren egunean etxetik ez ateratzeko aholkatu zuenerako herritar aunitz ez ziren etxetik ateratzen. Hain justu, Nafarroan ikusi dugunaren kontrakoa».
Txinako Gobernuari egindako kritikak ere gaitzetsi ditu: «gobernuaren kontrako mezuak etengabeak izan dira, oker aritu dela, herritarrak beldurrarazi dituela, gobernua bera eroriko zela, kaosa handia izan dela, ez duela egia erran hildako kopuruaren inguruan...». Bere hitzetan, ordea, «hori gezurra da. Hemen jendea beldurtuta eta kooperatzeko gogoz egon da. Hori da errealitatea». Gaineratu duenez, «birusa Txinan zegoenean, estatu espainiarreko hedabideek Txinak jarritako neurriekin dena gaizki aterako zela erraten zuten. Birusa Europara ailegatu zenean, berriz, gripe bat baino ez zela zabaldu zuten. Eta orain zer?».
Itzulera ona
Martxo erdialdean itzuli ziren normaltasunera: «kutsatutako guztiak sendatzea eta bi astez kutsatu edo susmagarri gehiagorik ez agertzea zen neurri batzuk kentzeko gobernuak ezarri zuen baldintza. Wuhan hiriburuan beranduago iraun dute neurriek indarrean». Bera dagoen herrian, aldiz, «barrera guztiak kendu dituzte, baita probintziatik ateratzeko debekua ere eta gehiena martxan da», nahiz eta, berak «irakasle lana etxetik» egiten segitzen duen eta «jatetxeak, zinemak eta jende aunitz biltzen diren tokiak itxita dauden». Bere irudiko, «itzulera nahiko ona izan da». Berrogeialdia bukatu zen aste horretan berean «gobernu lokalak enpresa guztiak %89an ari zirela erran zuen. Langabeziak pixka bat egin zuen goiti, baina oraindik %6koa da. Hubei probintzian izan dugu okerrena eta hemendik kanpo ongi daude».
Sorterrira begira
Txinan koronabirusa goiti eta beheiti ibili den garaian, beratarrarentzat ez da kezka-iturria izan: «ez diot beldurrik izan, etxetik ateratzen ez ginenez, ez genuen kutsatzeko aukerarik». Sorterrian eta inguruan ikusten ari den egoerari erreparatuz, ordea, bertzelakoa dio: «Nafarroako datuak ikusita, Txinan kezkatu nauenak baino gehiago kezkatzen nau horko egoerak». Datuek ez ezik, errealitateak ere hori erakutsi dio: «Txinan ezagun bakar bat ere ez da kutsatu, ezta ezagunen urrutiko inor ere. Kutsatu diren ezagunak Berakoak ditut».
Ez du larritasun mezurik igorri nahi izan, bere hitzetan, «lasaitasuna ez delako inoiz galdu behar» baina hortik haratago, «osasunaren gainetik, arriskua izanda lanera joatea derrigortzea» sistemaren inguruan hausnartzeko nahikoa arrazoi iruditzen zaio.
Espainiako hedabideekin «nazkatuta» Inongo arazorik gabe kontatu digu Txinako egoeraren berri Telletxeak, beso zabalik hartu gaitu Skypez, patxadaz eta argi erantzunez galderei. Hori bai, «bertakoak zaretelako» eskaini digu elkarrizketa. Koronabirusa tarteko, hainbat izan ziren ate joka joan zitzaizkion hedabideak, eta batean baino gehiagotan agertu zen bere aurpegia. Baina dena ez da erakutsi duten bezala izan. Espainiako hedabide handiekin «esperientzia txarra» izan du, «gezur aunitz errateaz gain, nire bideoak ebatsi eta bertze hedabideei saldu dizkietelako». Ahoan bilorik gabe dio haiekin «nazkatuta» bukatu duela. |