Baztan-Bidasoaldeko XXXIII. Bertso-paper lehiaketa abian da

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 4a, 07:30
Julen Zelaieta, bertsopaper lehiaketako sari banaketa batean. Oraingoz ez dute zehaztu aurtengoan noiz banatuko diren sariak.

Lanak maiatzaren 4tik 15era arte aurkezten ahal dira eta, bizi dugun egoeraren ondorioz, zenbait aldaketa izanen dira

Berako kultur Batzordeak eta Bortzirietako Bertso eskolak, Euskara Mankomunitatearen laguntzarekin, Baztan-Bidasoaldeko 33. Bertsopaper lehiaketa antolatu dute, Baztan-Bidasoa inguruan bizi direnentzat. Konfinamendu garai hau ahalik eta hobekien eramateko asmoz aldaketa ttiki batzuk egin dituzte eta lanak bakar-bakarrik e-mailez bidaltzen ahal dira maiatzaren 4tik 15era, kultura@bera.eus helbidera.

Euskarazko, jatorrizko, argitaratu gabeko eta bertze lehiaketaren batean saritu ez diren bertsoak onartuko dira bakarrik eta norberak aukeratuko du gaia, doinua eta neurria.

Ohi bezala, parte hartzaileak lau mailatan banatu dituzte: A maila: 10 urte artekoak. Bertso bat edo bi kopla osatu beharko dituzte. Saria: trofeoa eta 50 euro (lehenengoak) eta trofeoa eta 30 euro (bigarrenak). B maila: (11-14 urte) Bi bertso edo lau kopla egin behar dituzte guttienez. Saria: trofeoa eta 100 euro irabazleak eta trofeoa eta 70 euro bigarrenak. C maila: (15-18 urte) lau bertso osatu beharko dituzte guttienez. Saria: trofeoa eta 150 euro lehenengoak eta trofeoa eta 120 euro bigarrenak. D maila: 18 urtetik goti. Guttienez 8 bertso egin beharko dituzte. Saria: trofeoa eta 200 euro garaileak eta trofeoa eta 150 euro bigarrenak.

 

Lanak e-mailez bakarrik eta PDF formatuan

Aipatu bezala, bertsoak maiatzaren 4tik 15era bidali beharko dira e-mailez, kultura@bera.eus helbide elektronuikora. Bertsoak PDF formatuko artxibo batean erantsita bidali beharko dira. Gaian, Baztan-Bidasoko XXXIII. Bertsopaper Lehiaketa paratu beharko dira eta mezuaren gorputzaen ondoko datu hauek paratu beharko dira: izen-abizenak, maila, adina, bertsoaren izenburua eta telefonoa. PDF artxiboan, bakar-bakarrik izenburua, maila eta bertsoak agertu beharko dute, ezin izanen dute izen-abizenak agertu.

Epaimahaia Bortzirietako Bertso Eskolak izendatuko du, eta honen erabakia ezin izanen da gibelera bota. Epaimahaiak sariak hutsik utzi ahalko ditu edo aipamen bereziak eman. Sariak egoerak baimentzen duenean entregatuko dira eta horren berri emanen dute antolatzaileek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun