COVID-19: Elkarrizketak

«Nire burua kutsatzeak baino gehiago kezkatzen nau ingurukoak eritzeak»

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 10a, 13:00

2011z geroztik anbulantziekin ibiltzen da Iñigo Alzugarai lesakarra.

Iñigo ALZUGARAI LEGAZKUE, Baztan-Bidasoa Anbulantziak-eko langilea

Koronabirusa kutsatzeko aukeratik «hurbil» daudela jakitun, anbulantzietan ere segurtasun neurriak zorroztu behar izan dituzte. Ohiko harat-honatak alde batera utzita, ezohiko egoeran ari dira lanean.

Hutsik daude karrikak, hutsik errepideak. Iñigo Alzugarai Legazkue lesakarrak, ordea, lanean segitzen du, premiazkoa baita bere egitekoa, anbulantziarekin ibiltzea. Lanean bai, baina ezohiko egoeran ari da. Alde batetik, «higienea zaintzeko neurriak gogortu» behar izan dituzte, «anbulantzian edozein ibiltzen dela ere, desinfektatu egiten dugu», eta bertzetik, eguneroko martxa «aldatu» zaie.

«Lehen zahar etxetatik eta etxe partikularretatik ospitaletara joaten ziren pazienteak elkarrekin eramaten genituen anbulantzian. Orain ez»

Bi lantalde dituzte Baztan-Bidasoa Anbulantziak-en: larrialdietan aritzen direnak batetik, eta egunerokoan errehabilitazioetara, kontsultetara edota tratamenduetara joan behar izaten duten pazienteen harat-honatez arduratzen direnak bertzetik. Bigarren horretan aritzen da lesakarra, 2011z geroztik, eta ezaguna du lanbidea. Kontatu digunez, koronabirusaren eraginez, ez dira ohi bezala ari lanean: «errehabilitazioak eta kontsultak bertan behera utzi dituztenez, halako bidaiak jaitsi egin dira, baina gisa berean, pazienteak bereizita eramaten ditugunez lan faltarik ez dugu». Honela kontatu digu: «lehen zahar etxetatik eta etxe partikularretatik ospitaletara joaten ziren pazienteak elkarrekin eramaten genituen anbulantzian, baina orain bereizita eramaten ditugu, bi anbulantzitan». Hori guztia segurtasuna bermatzeko egiten dute. Bide horretan, «Iruñea aldean, espresuki koronabirus kasu posibleekin ibiltzeko anbulantziak paratu dituztela» azaldu digu «hanka hautsi, iktus bat izan edo bertzelako kasuren bat izan dutenak koronabirusa izan dezaketenekin nahasi ez daitezen».

«Pazienteek koronabirusa balute bezala jokatzen dugu»

Hortik aparte, «lehen ez bezala, bai pazienteak baita gu ere maskararekin eta eskularruekin» ibiltzen direla azpimarratu digu. Oraingoz, koronabirusean positibo eman dutenekin lan egitea ez zaio tokatu. Hala ere, «hala balute bezala jokatzen» dutela aitortu digu, neurriak hartuz. Arriskutik urruti ez dagoela ere badaki: «hor gaude, arriskutik hurbil», dio. «Gainera, normalean ez dugu jakiten pazientea kutsatuta dagoen edo ez. Horregatik hartu ditugu neurriak, nahiz eta batzuetan denak eskas izaten ahal diren». Edozein moduz, bera buruari baino gehiago begiratzen die ingurukoei: «gurasoak eta familiakoak, lagunak... Nire burua kutsatzeak baino gehiago kezkatzen nau ingurukoak eritzeak».

Gainerakoan, «larrialdi kasuak beti» badirela azpimarratu duen arren, «jendeak medikura joaterakoan gehiago esperatzen» duelakoan dago, «medikuek ere hala diote, arretak beheiti egin dutela». Bere ustez, «errepideak eta herriak hutsik» izatearen seinale da «jendea egoeraren larritasunaz kontziente izatea. Ez nuke erranen jendea izutua dagoenik, baina koronabirusari errespetua diola uste dut».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun