Eta emaztekiak? Ezin ukatu hauek ere Eliza Elkarteko partaideak direla. Gaur egun beraiek hartzen dute parte handiena elizako bilkuretan. Eta eurek jasaten dute tenplu eta inguruko garbitasun gehien: solairua, bankuak, arropa, belarra eta loreak. Eta atzendu gabe, noski, kantatzea, organoa jotzea, katekesia, eta zenbait gehiago. Ala, baina, milaka apezpikuren artean emazteki apezpiku bat bakarrik ez.
SINODO izeneko Batzarra bildu du berriki Aita Santuak munduko apezpiku multzo batekin. Elizaren historian eta etorkizunean ezaugarri nabarmena uzten ahal zuen batzar horrek. Hau da, oker ez banago, bertarako pentsatua zegoen gai berezia: gizon ezkonduak ere apez izatea, eta emakumeak diakono. Proposamenak esperantza eta poza biztu zuen eliztar frankoren artean. Baina esperantza itzali ere agudo egin da. Iduri duenez, Frantzisko Aita Santuarekin ados ez dagoen batikanoar eta, dudarik gabe, bertze hainbatek ez zuten begi onez ikusten gauza, eta dena deusezean gelditu da.
Historiaren 21garren mendean gaude. Mende hauetan jendarteko hartu-emak nabari aldatu direla erraiten ahal dugu, emakumeari dagokionez, adibidez. Elizan, ordea? Jendarte zibilean kargu nabarmenak bere gain hartzea gaur egun normal samar ikus daitekeen bezala, diakono bezalako zerbitzu apala eskuratzea ere ez zaio onartzen emakumeari Elizan.
Zer erranen luke gaur egun Nazareteko Jesusek? Lehenbiziko izan nahi duena ttikien eta zerbitzari izan dadila.