San Ferminetako batzordeak bestetarako proposamenak bildu nahi ditu Lesakan

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 7a, 10:00
Ezin jakin aurten txupinazoa noiz izanen den, baina bestak antolatzen hasteko proposamenak bildu nahi ditu Lesakako Udalak.

Bestak gibelatzeko aukera ere hor dagoela onartu du Lesakako Udalak

Lesakako Udalak San Ferminetako batzordea martxan jarri nahi du herritarren partaidetzarekin, bestak denen artean antolatzeko asmoz. Aurrez aurreko bilerarik ezin denez egin, helbide elektronikoa sortu dute, bestabatzordea@gmail.com, ekarpenik izanez gero bertara bidaltzeko. Proposamenak apirilaren 17a baino lehen bidali beharko dira eta hori izanen da hasiera honetan parte hartzeko modua.

Lesakako udalaren oharrak dioenez, «badakigu gauza aunitz airean daudela, eta momento honetan segurtasuna dela inportanteena, bertze guzia (bestak barne) bigarren mailan kokatzen delarik». Hala, gertaeren arabera jokatuko dutela, eta bestak gibelatzeko aukera ere hor dagoela onartzen du Udalak: «Egoerak azken horretara behartzen bagaitu, bertze data bat adostuko genuke gerorako».

«Egoera arraroa eta gogorra bizitzen ari gara –dio oharrak–, guk aitzinetik inoiz igaroa, eta hartara egokitzea da denon ardura nagusia. Horretan ari gara udalean ere, nahiz eta ez den erraza, egoera hagitz adakorra delako, gaur hartutako erabaki batek agian bihar ez baitu balioko. Baina aitzinera begiratu beharra dugu, eta hilabete gutxira Sanferminak izanen dira, Aldez aurretik eskerrik asko zure laguntzagatik, denen artean antolatu ditzagun bestak. Animo, eta aindu zuen burua zaintzeko denon ingurua».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun