Betiko martxari eusten dio Bidazi Bidasoaldeko kontsumo elkartearen azokak

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 2a, 18:30
Bidazik lanean segitzen du egunotan ere.

Bidazi Bidasoaldeko kontsumo elkartearen azokak ohiko ordutegiari eusten dio eta martxoan, «ohiko salmenta ez ezik, zertxobait gehiago saldu» dela aipatu digu Berako dendan egoten den Arantxa Isastik. Bazkideek «erosketa zentzudunak» egiten dituztela ere azpimarratu nahi izan du.

Koronabirusaren eraginez alerta-egoera hasi zenean, zalantzak izan zituzten Beratik kanpoko bazkideek erosketak egitera hurbiltzerik izanen zuten edo ez eta agiri bat ere prestatu zuten, baina «oraingoz inor ez digu erran erabili behar izan duenik». Bera eta inguruko bazkideak berdintsu etortzen dira eta beharbada, «Arantzatik edo Bortzirietako bertze herrietatik guttiago etortzen dira, baina gehixeago hartzen dute, herriko bertze bazkideentzako erosketak ere egiten dituztelako». Hori dela-eta, «salmentan ez dela jautsierarik somatu» dio Isastik, «alderantziz, martxoan gehixeago saldu dugu». Halere, berak aipatu digunez, «egia da Iparraldetik eta Gipuzkoa aldetik ez direla bazkideak etortzen, alde horretatik bai sumatu dugu jautsiera». Hornitzaileei dagokienez, «ongi ari dira lanean, bai ingurukoak eta bazkide direnak, baita kanpotik datozenak ere. Salbuespenak ere badira eta laranjak ezin izan ditugu jaso», aipatu digu Arantxa Isastik.

Osasun-krisiaren aitzineko ordutegiari eusten diote Bidaziko azokan: astelehen, asteazken, ortzirale eta larunbatean goizez, 10:00etatik 13:30era eta asteazken eta ortziraletan baita arratsalden ere, 16:00etatik 19:30era.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun