«Drogekin bizitzen ikasi beharra dagoenez heziketa da gakoa»

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 4a, 11:00
Arantxa Gamio adin ttikiko eta familia programako hezitzailea da Bortzirietan eta bertzeak berzte, prebentzioa lantzen du.

Arantxa GAMIO IGOA, Bortzirietako Gizarte Zerbitzuetako gizarte hezitzailea

Gazteen arteko substantzien kontsumoa eta gazteek gai horren inguruan duten jarrera izan ditu hizpide Bortzirietako gizarte hezitzaileak TTIPI-TTAPArekin.

Gazteen arteko substantzien kontsumoa «kezkatzeko eta kontuan hartzeko lan ildoa» iruditzen zaio Arantxa Gamio Bortzirietako Gizarte Zerbitzuetako gizarte hezitzaileari. Gai horren inguruan «egiteko aunitz» dagoela uste du, eta «Bortzirietan eta oro har eskualdean, gizarte zerbitzuetatik substantzien kontsumoaren prebentzioa guti landu» dela dio. Egoera hori irauli nahian dabiltza Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean, «gazteen kontsumoaren inguruko jarreran eragiteko asmoz», tailerrak, kanpainak eta bertzelako sentsibilizazio eta informazio ekintzak garatuz. Egindako lanetik ondorioztatu dute «prebentzioa eta ohitura osasungarriak sustatzeko heziketa eta sentsibilizazioa indartu behar direla».

Zer kontsumitzen dute gazteek? 
14 eta 18 urteko gazteen artean Nafarroan egindako azken Estudes inkestaren arabera, Nafarroako gazteen artean alkoholaren kontsumoa altua da. Hamar ikasletik zazpik modu erregularrean eta hamarretik lauk modu intentsiboan kontsumitzen dute eta gazteriaren arazo nagusi izaten segitzen du, tabakotik eta kalamutik urrun. Baina 2006tik hiru substantzia horien kontsumo erregularrak beheiti egin du. Kontsumitzen hasteko batez bertzeko adina 14 urte ingurukoa da alkohola eta tabakoaren kasuan, eta 14,9 urtekoa kalamuaren kasuan.  

«Kontsumoak kalte konponezinak eragin ditzake nerabeengan».

 
Alkohola eta tabakoa kontsumitzea normaltzat hartua da. Horrek nolako ondorioak izan ditzake haur eta gazteengan? 
Etxeko eta inguruko ttiki eta nerabeentzat inguruko helduok eredu gara: gurasoak, izeba-osabak, barrideak, herritarrak... Gure ohitura eta moduak imitatzea da beraien ikasteko moduetako bat. Alkoholaren kontsumoa jendartean arras normalizatua dugu, baita onartua ere. Nerabezaroko eta gaztaroko lehen etapan, 13-21 urte artean guti goiti-beheiti, garapen bidean diren gorputz eta garunak dira, harremanak eraikitzen eta aisialdi propioa bilatzen ari direnak eta adin horretan alkohola eta bertzelako edozein substantzia gorputzean sartzeak kalte konponezinak eragin ditzake. Baldintza aunitz izan daitezke eta aunitzetan ondorioak ezin dira aurreikusi edo kontrolatu. Hortaz, adin horretan arriskurik ez izateko kontsumorik ez dute izan behar. Gerora, behin garapen garaia akituta, kontsumitzea erabakiz gero, manerak zaindu daitezke, kontsumo arduratsua eginez. 

Gazteak ondorioen jakitun dira? 
Gazteen ikuspegia oraina bizi eta gozatzea da. Etorkizuna urrun gelditzen zaie eta berehalako onura edo plazera lortzea da beraien filosofia, etorkizuneko arriskuetan gehiegi pentsatu gabe. Helduagoak garenean, aldiz, urrunago begiratzeko gaitasuna garatua dugu eta hortaz, sarritan, gure erabakiak etorkizuneko eragin edo kalteak aintzat hartuz hartzen ditugu. Aunitzetan, substantzien gaia beldurretik, kontroletik eta isiltasunetik landu da. Nire esku-hartzeetan informazio objektiboa eta kontrastatua ematen saiatzen naiz, beraien jarrera edo erabakiak baldintzatzen saiatu gabe. Aitzitik, argi dut, entzulearen arabera helarazi behar dela mezua, ez baita berdina 13 urteko neska-mutikoekin egotea edo 18 urtekoekin egotea, kontsumitzen hasi direnekin edo substantzia nahasketak egin ohi dituztenekin egotea. 

«Drogak substantziak dira, baina gero eta indartsuagoa dugun eta gelditzeko etorri den fenomenoa ere ez nuke atzenduko: pantailak».


Drogak badira, izan dira eta izanen dira... 
Beraiekin bizitzen ikasi beharra dago. Eta ikuspegia zabalduko nuke. Drogak substantziak dira, baina gero eta indartsuagoa dugun eta gelditzeko etorri den fenomenoa ere ez nuke atzenduko: pantailak. Arriskuak gure artean izanen ditugu, batzuetan hurbilago eta bertzeetan urrunago, batzuetan etxean eta bertzeetan karrikan, batzuk legezkoak eta bertzeak legez kanpokoak izanen dira... Mugak paratzea ezinezkoa da. Heziketan dago gakoa: erabakiak hartzeko trebatzea, norbanakoa indartzea (autonomia, autoestimua...), presioak gestionatzea (komertziala, lagunen artekoa...), komunikazio ohiturak izan eta aberastea eta azalpenak informazio kontrastatuarekin abiatzea. 

Zer egin dezakete gurasoek? 
Kontziente izan eta onartu. Gurasotasuna haurdunalditik hasten den proiektua da, hasieran ilusio, prestaketa eta indar aunitzekin hasten dena eta gerora, ilusioa moteldu, nekea nagusitu eta oztopoak, gatazkak, ezintasunak, motibazio falta orokortua eta zalantzak bezalako sentsazio astunagoak gailentzen direna. Seme-alaben nerabezarora akituak ailegatzen diren gurasoak ezagutu ditut. Hortaz, bidean, indarrak hartzea garrantzitsua da, laguntza eta orientazioa eskatzea. Horretarako, hezkuntza sistema eta osasun eta gizarte zerbitzuak eskura dauden zerbitzu publikoak dira. Badira baliabide pribatuak edo espezializatuak ere eta hurbildu, galdetu eta saiatu. Maiz, gurasoen ahotik ez dela erraza aditzen dut. Horixe ezetz! Gogorra, nekagarria eta etsigarria izan daiteke, baina guraso izatea erabakitzen denean kontziente izan behar dugu erabaki horrek erpin aunitz izanen dituela eta guztiak ez direla goxoak eta errazak izanen. Hortaz, oreka hasieratik bilatu behar da: mugak, musuak, ondorioak, ardurak, sariak, besarkadak, azalpenak...

Nolako eredua eskaintzen dute gurasoek eta inguruak? 
Inguru sozioekonomikoa eta kulturala beti aldatzen ari da. Gaur egun, jarrera kontsumistak nagusitzen dira, eduki eta erakusteak berebiziko balioa du. Sare sozialetan argitaratzen diren irudiak horren adibide ditugu. Zer erakutsi nahi da? Zer gorde? Horrez gain, familia egituretan aniztasuna gero eta handiagoa da eta espazio pribatu aunitz daude: norbere mugikorra, norbere logela, kuadrillen lokalak...

Zein dira arrisku-portaerak? 
Hona hemen batzuk: legezko eta legez kanpoko substantziak kontsumitzen hastea; denbora librean aisialdirik ez garatzea;  bizikleta, motorra edota autoa gidatzean babes neurririk ez hartzea; sexu praktikan, familiako harremanetan edo lagunartean harreman gatazkatsuak eta arriskutsuak eraikitzea; substantziarik gabeko adikzioak (ludopatia, mugikorrak, bideo jokoak,…); izaeraren eraikuntzan indarkeria edo bortizkeria erabiltzeko joera, bakardadea, gehiegizko lotsa, adierazteko zailtasunak…; sare sozialak eta espazio birtuala; ikasketetan motibaziorik eza; elikadura ohitura ez osasungarriak; norbere itxura ez onartzea; ardurarik ez izan eta dena erraz lortzea... Nerabezaroak ere baditu berezkoak dituen ezaugarriak. Hala nola, egoera emozionalaren aldaketa, izaeraren eraikuntza, berehalakotasuna, arriskatzea, probatu nahi izatea...

«Aholkuak saihestu eta norberak bere erabakiak har ditzan trebatzen saiatzen naiz».


Gizarte hezitzaile zaren aldetik, zein da zure aholku nagusia? 
Aholkuak saihesten saiatzen naiz. Norberak bere erabakiak har ditzan trebatzen saiatzen naiz, aitzinetik informazioa ulertarazten, kontzientzia harrarazten eta analisia eginarazten, ondotik, ahalik eta erabaki arduratsuena har dezaten. 

Islandiako kasua ezaguna da. Lehen Islandiako gazteak Europan droga gehien kontsumitzen zutenak ziren, orain, berriz, guttien...
Bai, ezaguna dut. Eragile aunitzek parte hartu zuten egitasmoa izan zen eta horixe da emaitza ona lortzeko gakoa: gurasoak, elkarteak, legea, saltzaileak, hezitzaileak... Guztiak norabide bakarrean eta helburu berarekin lan egitea.

Programa horren sustatzaileen arabera, lagunekin karrikan deus egin gabe zenbat eta denbora gehiago pasatu, orduan eta kalamu gehiago erretzen dute... 
Ez nuke kalamua erretzeko arriskua bakarrik aipatuko. Aspertzen jakitea eta hori gestionatzen trebatzea garrantzitsua da, eta aldi berean, aisialdi aberatsa eta osasungarria eraikitzea ere bai. Hau da, ttikitatik haurrak esperatzera, aspertzera eta baliabide gutirekin konpontzera ohitu behar ditugu. Lorpenak izatean baloratzeko, esfortzuaren balioan trebatzeko eta bide batez, sormena sustatzeko. Bertzetik, aisialdiko eskaintza aberatsa eta eskuragarria izatea ere prebentzio neurri bermatua da, hau da, kirola egiteko aukera izatea, musika, dantza, margotzea... Baina beti neurrian.

«Aisialdiko eskaintza aberatsa eta eskuragarria izatea prebentzio neurri bermatua da».


Aisialdia arriskutsua izan daiteke? 
Azken hilabeteotan Bortzirietan landu dugun Familian prebenitu egitasmoko saio batek aisialdia eta denbora libreaz hausnartzeko gonbidapena egin du, hain zuzen, denbora libre huts aunitz izateak duen arriskuaz ohartarazteko. Aisialdia ez da arriskutsua. Aisialdia norberak bere zaletasun, gustu eta desioen arabera eraikitako denbora librea da;  dantza gustuko duenak dantza taldeak bilatuko ditu, bizikleta maite duenak bizikletan ibiltzeko kuadrilla bilatuko du... Ohitura horiek babes neurriak dira, jarduera fisikoa egiteaz gain, lagun taldea, esperientzia eta ezagutza aberasten direlako.

Entitate publikoek gai honetara aski bideratzen dute? 
Aski, aski... Beti gehiago eskatzen da. Hala ere, gehiago eta aunitz egiteak baino garrantzi handiagoa du elkarrekin egiteak. Bortzirietan, hainbat eragileren arteko elkarlana indartzea dugu erronketako bat. Hainbat aldetatik mezu eta jarrera bera jasotzen delarik eragina handiagoa izan ohi da. Baina ardura ez da familiena edo ikastetxeena bakarrik; gizartearena ere bada, komunitatean bizi garelako eta komunitatean ikasten dugulako. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun