Berriki, gazte batzuek Bortzirietako Gazte Sarea osatu dute. Sarearen sortzaile da, bertzeak bertze, Ane Telletxea Igoa (Lesaka, 2001).
Ideia irudikatzetik gauzatzera
Ez gelditzea zen asmoa, ez gelditzeko bitartekoak sortzea gakoa. Horrelaxe hasi ziren lanean eta hortik sortu zen aukera: «talde eder bat Gazte Eguna antolatzeko biltzen hasiak ginen eta konfinamenduagatik bertan behera utzi behar izan dugu. Sortutako indarra baliatuz eta Bortzirietako bertze herrietako gazte batzuk mugitzeko gogotsu zeudela aprobetxatuz hasi ginen lanean».
Hari bat handik eta bertze bat hemendik, sortu berri dute Bortzirietako Gazte Sarea: «lau lagun bildu gara, jokoak, challengeak eta bertzelako ekintzak antolatzeko asmoz». Laurek ireki dute bidea, eta pixkanaka bidelagunak gehitu zaizkie: «Bortzirietako gazteak dira parte-hartzaileak eta horiek ere gure taldekide dira, horiek gabe sare hau ez litzatekeelako posible izanen».
Irudimena martxan paratu eta entretenitu
Aktibo egoteko eta jendea aktibatzeko «irudimena martxan» jarriko dute eta «astero-astero egutegi bat» sortuko dute: «egunero eginen diren erronkak bilduko ditugu jendea ideiak pentsatzen hasteko». Honakoak dira proposatuko dituzten jarduerak: «etxetik ikusten dituzten bistekin argazkiak ateratzea, errezetak, jolasak…».
Herritarrei erronkak luzatzeko, «momentuz» Instagram kontu bat sortu dute: «inguruan, gazteen artean gehien erabiltzen den sare soziala dela uste dugunez, kontu bat sortu dugu, bortziritako_gaztesarea izenarekin». Ekarpenak ere onartuko dituzte: «proposamenak ere ongietorriak izanen dira eta kontu horretara mezuren bat bidali eta listo!».
Momentuz «hasiberriak» diren arren, «sentsazio hagitz ona» dute: «jendeak ongi erantzun du eta horrela segituz gero, iraun bitartean mantentzeko asmoa dugu». Aukera bikaina da hasteko: «etxean egon beharrak garela eta denbora badugula aprobetxatuz, parte hartzera animatu nahi ditugu. Elkar ezagutu, harremanak sortu eta tarte on bat pasatzeko aukera izanen duzue!».