COVID-19: Elkarrizketak

«Egoera berezi honetan elkarri lagundu behar diogu»

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 31a, 09:00

Leire Mitxelena Arantzako zinegotzia.

Leire MITXELENA GAMIO, Arantzako zinegotzia

«Arantzan bakarrik bizi den adineko pertsona dezente» dagoela ikusita eta koronabirusa tarteko sortu den «egoera berezi honen aitzinean eguneroko beharretarako laguntza beharko luketela» pentsatuz paratu dute boluntario sarea martxan Arantzan. Horren inguruan mintzatu da Leire Mitxelena Arantzako zinegotzia.

Inguruko bertze zenbait herritan bezala, Arantzan ere udala izan da boluntario sarea lantzen hasi dena. Eta hasitako bidea ez da hutsean gelditu. Laguntzeko prest daudenen aldetik erantzun ona izan duela dio gaiaz arduratzen ari den zinegotziak. Datuak dira horren erakusle: «Momentu honetan 11 laguneko boluntario taldea da».

«18 etxetara deitu dugu zerbitzuaren berri emateko eta hagitz harrera ona izan dute denek. Aunitz eskertu dute».

Oraingoz ez dute eskaerarik hartu eta horregatik erabaki dute etxeetako atea jotzea, egiazki errealitatea zein den jakiteko. «Konfinamendua hasi eta aste batera inork deitzen ez zuela ikusita, beharra dutela uste genuen bakoitzari deitu diogu, zer moduz dauden eta egunerokotasunean moldatzen ote diren galdetu...». Zinegotziak aitortu digunez, «18 etxetara» deitu dute zerbitzuaren berri emateko». Kontent dago herritarren aldetik jaso duten erantzunarekin: «hagitz harrera ona izan dute denek. Aunitz eskertu dute». Oraingoz, «denak moldatzen direla» erantzun diete: «Familiaren, bizilagunen edo zaintzaileen laguntzaz egiten dituzte erosketak, eta bertze batzuk bakar-bakarrik egon arren, bakarrik ongi moldatzen direla diote. Hala ere, eskertu eta behar dutenerako zerbitzua kontuan hartuko dutela aipatu dute».

Adinekoak eta gehiago

Bakarrik bizi diren adinekoak dira laguntza behar izaten ahal dutenen «ohiko ezaugarriak». Baina hortik haratago, «kasuan kasuko egoera ikusi eta salbuespenak» badirela dio Mitxelenak: «gaztea izanagatik osasun egoera kaskarrean dagoenaren kasua ere izaten ahal da».

Hortaz, norbaitek laguntza beharko balu herriko etxera deitzeko deia egin du: «948 63 40 05 telefonora deitu eta zer motatako laguntza behar duten erran behar dute, mandatuak etxera eramatea nahi duten, botikatik zerbait behar duten, medikuarengana joan nahi duten...». Herriko etxean jasotzen dituzte deiak, «eta handik guri abisatuko ligukete. Behin abisua pasatuta, gu jarriko ginateke beharrean dagoen pertsonarekin harremanetan. Berarekin solas egin eta zer behar duen erran ondotik beregana joanen ginateke».

Arantzako zinegotziak argi du elkartasuna dela bidea: «Egoera berezi honetan elkarri lagun behar diogu» eta horregatik eskatu die beharra dutenei «edozertarako lasai deitzeko». «Animo» mezuekin batera, «borondate ona agertu duten guztiei ere» luzatu nahi izan die mezua: «eskerrak aunitz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun