20 laguneko laguntza sarea martxan da Beran

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 28a, 13:00
Espaloiak, zahar etxe, osasun etxeko eta denden sarrerak eta inguruak, zabor kontenedoreen inguruak... desinfektatzen ari dira.
Alarma egoera honi eta COVID-19ari aurre egiteko, Beran hainbat boluntario sare osatu dituzte, beharrean daudenei laguntzeko, osasungintzan lanean ari direnak materialez hornitzeko, desinfekzio lanak egiteko...
Behar bereziak dituzten eta laguntza behar duten bizilagunak eta familiak laguntzeko boluntario sarea osatu dute. Udalak egindako deialdiari erantzun ezin hobea eman zieten herritarrek eta 20 lagun inguruk osatzen du jada taldea. Laguntza eskaerak jaso dira eta adibidez erosketak eta sendagaiak etxeetara eramateko taldea martxan da. 
 
Bertze alde batetik, Udala 70 urtez goitiko jendea deitzen ari da, zer moduz dauden eta laguntzarik behar duten galdetuz eta honek laguntza eskaera kopurua handitzea ekarri du. Adierazi dutenez, adineko jendeak zinez eskertzen ditu dei hauek eta zorionez gehienak ongi dauden arren, ba animoak emateko bederen balio dute.
 
Nafarroako Erizainen Elkargoarekin ere elkar lanean ari da hainbat boluntario jostun. Momentu honetan mantalak josten ari dira osasun langileentzako. ALCO enpresak bere josteko makina industrialak erabiltzeko baimena eman du eta horretan ari da zortzi emakumez osatutako taldea. Mantal hauek egiteko materiala Nafarroako Erizainen Elkargoak hornitzen du. Mantalak egin ondoren Iruñeako udaltzaingoan dagoen ozono tunel batean esterilizatzen dira, eta Erizainen Elkargoak banatzen ditu behar gehien dauden tokietan. 
 
Herrian desinfekzio lanak egiten hasiak dira. Karriketako espaloiak, zahar etxe, osasun etxeko eta denden sarrerak eta inguruak, zabor kontenedoreen inguruak eta abar. Honetan ere herritar bolondresak, suhiltzaileak eta udal langileak ari dira. 
 
Esker onak herritarrei
Krisi honek elkartasunean sakondu  eta elkar laguntzeko ekimenak sustatzea ekarri du, herritik sortutako ekimenak gehienak. Udalak bere baliabide guztiak jarriak ditu borroka horretan eta zinez bolondres guztiak eskertu nahi ditu. Azkenik udalak herritarrei osasun agintarien gomendioei kasu egiteko eskatu nahi die eta ezinbertzeko arrazoi bat ez bada, etxetik ez ateratzeko.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun