Autonomo eta enpresetako kontabilitatea eta fiskalititatea bideratzen ditu Amaia Goiak. Koronabirusak eragindako egoeraren aitzinean, «bezero guztiei eskainiko dituzten laguntzen berri emateko» buru-belarri ari da lanean.
Laguntzak emanen dituztela iragarri du. Autonomoen kasuan, zertan dira laguntzak?
Jarduera eten duten autonomoek eskaera egin beharko diote Mutuari. Bi laguntza daude: alde batetik, langileak autonomo-kuotarik ez du ordainduko; eta bertzetik, dirulaguntza bat jasoko du.
Autonomoek kotizazio-oinarriaren %70a jaso ahal izanen dute, mugak hauek direlarik: gutxienez 660 euro eta gehienez 1.411
Zer baldintza bete beharko dituzte jarduera eten duten autonomoek laguntza jasotzeko?
Martxoaren 14a baino lehen autonomo gisa alta emana izatea eta orain arteko kuotak ordainduak izatea. Ordainduak ez dituztenen kasuan kitatzeko hilabeteko epea dute. Gainera, eskatzaileek ez dute kotizazio-periodo minimoa bete beharko.
Noiz arte emanen dute laguntza?
Printzipioz hilabete baterako aurreikusi dute. Egoera luzatzen bada laguntzak mantenduko direla erran dute luzatzen den hilabeteko hondarreko egunera arte. Hau da, maiatzera arte irauten badu, laguntzak maiatzaren 31ra arte banatuko dituzte.
Zenbateko laguntza jasoko dute?
Kotizazio-oinarriaren %70a da jasoko dutena, mugak hauek direlarik: gutxienez 660 euro eta gehienez 1.411 euro. Gizarte-segurantzaren prestazioak jasotzen dituztenek ez dute laguntzarik izanen.
Noiz arte eska dezakete?
Bi epe zehaztu dituzte. Batetik, geldiarazi dituzten jardueretan ari direnek apirilaren 14a bitarte eska dezakete. Bestetik, Dekretuaren arabera euren jarduera eten beharrik ez dutenek baina egoerarengatik gelditu direnek, berriz, apirilaren 1etik 14ra egin behar dute eskaera.
Enpresek langileei ondoko sei hilabetetako lana bermatu behar diete laguntza jaso ahal izateko.
Azken hauek martxoan diru-sarreretan %75eko jaitsiera izan dutela frogatu beharko dute. Martxoaren erdialdera arte lanean aritu direnez, normalena diru-sarreran %50eko jaitsiera izatea da ez %75a… Hori kontuan hartuz, jende anitzek ez du laguntzarik jasoko eta autonomo kuota ordaindu beharko du…
Eskatzaileek zer dokumentu aurkeztu behar dituzte?
Eskaera-orria beteta, NANaren fotokopia eta azken hiru hilabeteetako autonomo-kuotaren ordainagiria.
Enpresek zer egin dezakete?
Lana aldi baterako erregulatzeko txostenak (ERTEa) tramita ditzakete Gobernuaren Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuan. Departamentuak, aurkeztutako dokumentuen arabera, jarduera etetea ezinbertzeko kasuagatik (463/2020 Dekretuko eranskinak zehaztutako jarduera izateagatik, hornigai faltagatik edo langileren bat kutsatzeagatik) egin dela baieztatu behar du. Jarduera ezinbertzeko kasuagatik eten ez dutenen kasuan (arazo teknikoek, ekonomikoek edo produktiboek... geldiaraztea eragin dutenean) langile eta enpresek adostu behar dute ERTEa.
Langileentzat zein neurri hartuko dira kasu horietan?
Lan gabe geldituko dira eta beraien kotizazio-oinarriaren %70a kobratuko dute (langabeziak dituen mugak kontuan hartuz). Hau kobratzeko kotizazio minimorik ez dute eskatuko. Azkenik, orain jasotakoa etorkizuneko langabeziarako ez du kontatuko.
Enpresek ere badute laguntzarik?
Ezinbertzeko kasuagatik produkzioa eten dutenen kasuan, 50 langile baino gutxiago dituztenek enpresako Gizarte Segurantzaren kuotaren %100eko hobaria izanen dute. 50 langile baino gehiago dituztenek, berriz, %75eko hobaria izanen dute. Hau horrela izateko, enpresari enplegua ondoko sei hilabeteetan mantentzea eskatuko zaio. Horrela zehaztu dute. Bertzelako arrazoiengatik gelditu direnen kasuan, berriz, enpresek ez dute Gizarte Segurantzako hobaririk izanen. Kasu honetan ere, ondoko sei hilabeteetan enplegua mantentzea eskatu dute.
Beraz, langileak ondoko sei hilabetetako lana bermatua du?
Enpresak laguntza jasotzeko hala beharko luke, bertzela bueltatu beharko duelako. Dena den, zaila izanen da eta, berriz ere, prekarietatea gehien sufritzen dutenak izanen dira kaltetuenak. Eraiki dugun sistema jasangaitza dela ikasi behar genuke krisi honetatik.