COVID-19: Elkarrizketak

«Materialik eta bezerorik gabe gelditu garenez, ateak itxi beharko ditugu»

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 26a, 11:00

Enpresa ixteak kostu handia duela nabarmendu du Joseba Goiak.

Joseba GOIA  |  Ganix tailerra (Bera)

«Hamar lagun gara tailerrean eta horietatik bi dagoeneko garbiketan ari dira». Horrelaxe kontatu digu Ganix tailerrak enpresako Joseba Goiak. Arrazoia garbia da, lana eta materiala falta dituzte: «piezarik ez zaigu ailegatzen eta bezeroak ere ez dira etortzen».

Lehenagotik ekarriak zituzten autoak moldatzearekin batera, ateak itxi beharko dituztela argitu du. Legez, «ateak itxita lan egin» dezaketen arren, lanik eta baliabiderik ez dute eta egoera horrela dagoen bitartean ateak itxiko dituzte: «ez dakit aste hau akabatuko dugun…».  

Enpresako ateak ixteak  «kostu handia» duela gaineratu du: «enpresak dirurik gabe daude, jendea dirurik gabe dago, gobernua ere berdin… noren gain utziko da kostu guztia?». Momentuz, egoerari aurre egiteko, «laguntzak galdetzen» ari da: «autonomoen kuotak kenduko dizkigutela esan digute…». Langileak «ERTEra joateko eskaera egina» dute, «egoera luzerako dela iduritzen zait eta…».

Etorkizuna «beltz» ikusten duen arren, bada pozten duen zerbait: «herritarrok zorrotz betetzen ari gara neurriak. Lanera joan behar dutenak ateratzen dira eta gainerakoak etxean daude. Aholkuei kasu egiten ari gara…».  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun