Jasotako babesa eta elkartasuna eskertu nahi izan ditu Arantzako Simonenbordako familiak

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 25a, 10:00
Urtarrilaren 3an erre zen baserria.

TTIPI-TTAPAra bidalitako oharrean, «modu batera edo bertzera lagundu diguzuen guztiei» eskerrak eman nahi izan dizkie joan den urtarrilaren 3an Arantzako Eguzkialdea auzoan erre zen Simonenborda baserriko familiak. «Hitzak ez ditugu aski hartu dugun elkartasun guztia eskertzeko», adierazi dute.

Honela dio Salvador Madariaga, Secundina Bergara eta Eguzkialdeko Simonenbordako familia guztiak sinatu duen idatziak:

«Hiru hilabete eskas pasatu dira baserria erre zitzaigunetik. Ez dugu atzendua urtarrilaren 3a, ezta aise atzenduko ere, ustekabeko suak baserria erre baitzigun.

Baina aste hauetan poliki-poliki berritze lanetan ari gara. Baserria berriz altxatzeko ilusioa gurekin dugu eta ilusio horrek eta hartu dugun laguntza ikaragarriak horretan laguntzen digu. Hitzak ez ditugu aski hartu dugun elkartasun guztia eskertzeko. Hortaz, lerro hauen bitartez, eskerrak eman nahi dizkizuegu modu batera edo bertzera lagundu diguzuen guztiei. Bizilagunei eta herritarrei, baina baita Bortzirietako eta bertze txokoetatik ekonomikoki, babesa erakutsiz edo auzolanean lagundu diguzuen guztiei ere, bihotz-bihotzez eskerrik beroenak eman nahi dizkizuegu. Hunkituta gaude hartu ditugun animoekin eta laguntzarekin. Bide batez, baserria erre zen egunean hurbildu ziren herritar, suhiltzaile, mediku eta erizainei ere gure eskerrak adierazi nahi dizkiegu.

Eskerrak aunitz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun