COVID-19: Elkarrizketak

«Badakit aukera handiak ditugula Covid-19 birusarekin kutsatzeko»

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 24a, 10:00

Ainara AMOROS GRANER, Bidasoa ospitaleko erizaina

Bidasoaldean koronabirusaren «kasu positiboak beranduago agertzen hasi» zirela dio Arantzako erizainak eta «bertze lekuekin alderatuz, konfinamendua lehenago betetzen hasi ginenez, momentuz» Hondarribiko Bidasoa ospitalean «egoera kontrolatua» dutela kontatu digu. Aitortu digunez, «egoera honetan lan egiteak ez dit beldurrik ematen, nire burua babesteko baliabideak ematen dizkidaten bitartean».

Bidasoa ospitaleko kirofanoko zerbitzuan egiten du lan Ainara Amoros Graner Arantzako erizainak, eta asteburu eta gauez urgentzietako zerbitzuan aritzen da. Koronabirusa tarteko, eguneroko martxa aldatu egin zaio; lanean hainbat neurri hartu behar izan dituzte eta bizitza pertsonalean ere erabakiak hartu behar izan ditu.

«Ospitalean neurri aunitz hartu dira pazienteen joan-etorriak murrizteko, materiala aurrezteko eta beharrezkoak ez diren ospitaleratzeak ekiditeko»

Nola ari zarete lanean Bidasoa ospitalean?

Gure ospitalean, momentuz, egoera kontrolatua dago. Bidasoaldeko zonalde honetan kasu positiboak beranduago agertzen hasi ziren eta bertze lekuekin alderatuz, konfinamendua lehenago hasi ginen betetzen. Ingresatuen kopuruak gora egiten segitzen duen arren, jendeak aginduak betetzen segitzen badu, espero dut egoerak gainezka ez egitea. Dena den, prestatuak gaude datorren asteetan sortzen ahal diren egoerei aitzin egiteko. Programatutako kirurgia ez urgenteak bertan behera utzi dira eta kontsulta gehienak ere bai. Neurri aunitz hartu dira pazienteen joan-etorriak murrizteko, ospitaleko materiala aurrezteko eta beharrezkoak ez diren ospitaleratzeak ekiditeko.

Zuen burua babesteko baliabiderik eta materialik baduzue?

Gure burua babestea ezinbertzekoa da egoera honetan. Horretarako hainbat protokolo ditu gure osasun zerbitzuak baina gure artean egokitu egin ditugu eta elkarri laguntzen ari gara denok ahalik eta hobekien bete ditzagun. Materialen aldetik beharrezkoa duguna lortu dugu, eta badugu oraindik, baina bukatzeko beldurra dela eta, ahalik eta modu egokienean erabiltzen saiatzen gara, gehiegikerietan gastatu gabe. Momentu puntual batzuetan kanpoko laguntza izan dugu segurtasun materiala lortzeko eta eskertzekoa da.

Osasun arloko profesional gisa, lana gogorra egiten ari zaizu?

Nire lana maite dut eta egoera honetan lan egiteak ez dit beldurrik ematen, nire burua babesteko baliabideak ematen dizkidaten bitartean. Badakit, hala ere, aukera handiak ditugula Covid-19arekin kutsatzeko, gaixotasun hagitz kutsakorra baita. Okerrena familia kutsatzeak ematen didan kezka edo beldurra da. Horregatik egun hauetan nire familiarengandik urrundu egin naiz eta lanetik kanpo inorekin harreman zuzenik ez izaten saiatzen ari naiz. Gogorra izan arren, espero dut mereziko duela eta aste batzuen buruan, berriz denak elkarrekin egoteko aukera izanen dugula.

Ohiko gripe batek baino heriotza tasa baxuagoa du Covid-19ak, baina alarma egoeran gaude. Zer erranen zenuke?

Nahiz eta heriotza tasa baxuagoa izan, kontua da Covid-19a gripearen birusa baino aunitzez kutsakorragoa dela. Horrek erran nahi du denbora tarte laburragoan jende gehiago kutsatzeko gaitasuna duela eta ingresatzeko beharra duten gaixoen kopurua aste batzuetako denbora tartean izugarri igotzeko arriskua dagoela, osasun zerbitzuak kili-kolo utziz. Horregatik da hain garrantzitsua kutsatzeak ekiditea. Nahiz eta biztanleriaren kopuru handi bati larritasun gehiegirik ez dion eraginen koronabirusak, bertze kopuru handi bati neumonia bat eraginen dio eta osasun arreta berezia behar izanen du.

«Jende gehiena kontziente da egoera hagitz larria dela baina badago guttiengo bat bertzek baino eskubide gehiago dituela uste duena eta ingurukoekiko errespetua izateko erranen nioke»

Herritarrak kontziente gara egoeraren larritasunaz?

Nik uste jende gehiena kontziente dela egoera hau hagitz larria dela, edo hori da pentsatu nahi dudana. Aginduak eta gomendioak betetzen ari gara eta horretan segitu behar dugu. Beti badago guttiengo bat inor baino listoagoa dela pentsatzen duena edo bertzeek baino eskubide gehiago dituela uste duena. Guttiengoa den jende horri erranen nioke etxean gelditzeko eta errespetua izateko bere inguruko jendearekiko. Errespetua izateko egunak eta egunak etxetik atera gabe dagoen jende horregatik guztiagatik. Errespetua izateko beraien lanagatik norberaren osasuna eta etxekoena arriskuan jartzen ari direnengatik. Denok badugu gogoa lagunekin ateratzeko, mendira joateko, gurasoen etxera bisitan joateko edota parkean jostetan aritzeko. Baina etxean gelditzen gara.

Zuen lana eskertzeko ekimenak ere badira. Zer iruditzen zaizkizu?

Hagitz polita eta zirraragarria da jendearen esker ona sentitzea. Lanean ari den pertsona aunitz dago gure lurraldeko ospitale eta zentroetan eta lan izugarria egiten ari dira zerbitzu aunitzetan, lan karga handiak eta egoera emozional gogorrak jasaten. Animo guztiak ongi etortzen dira indarrak hartzeko. Baina osasun langileez aparte, badira bertze hainbat langile ere jende aitzinean lanean ari direnak: dendariak, garraiolariak, poliziak... Denen ongizatea bermatzeko ari dira eta eurek ere esker ona merezi dute. Eskerrik asko denei!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun