Berako Toki Ona ikastetxean Batxilerreko bigarren mailako ikasle den Irati Iriarteri eguneroko martxa bete-betean aldatu dio koronabirusak: «klasean egiten genuen guztia etxean egin beharko dugu datozen asteetan eta aurreikusitako azterketak bertan behera gelditu dira».
Lan ohiturak aldatzea eta azterketarik ez izatea «arriskutsua» da bere ustez. Izan ere «etxean denbora badudala iruditzen zait eta lasaitu egiten naiz. Gehiegi lasaitzeak gibelean gelditzea eragiten ahal dit». Halakorik ez gertatzeko, «eskolako ordutegiarekin segitzea» erabaki du: «irakasleek bidalitako lanak klasean egiten ditugunen tankerakoak dira eta...».
Selektibitatea eztabaidagai
Kezkak ez dira horretara lerratzen. Atzotik eraikitzen dugu gaurkoa eta gaurtik biharkoa: «hamabortz egunez etxetik lan eginen dugu eta gero auskalo zer pasatuko den. Selektibitatea hor dago, eta hori presente izatea garrantzitsua da, egunotan gogotsu eta atentzioa jarriz lan egiteko».
Momentuz ez dakite gibelatuko duten edo ez. Baina litekeena denez, egoerari aitzin hartzeko, ekaineko bigarren asterako «hartuta genuen ikasbidaia bertan behera uztea» erabaki dute. Erabakiak erabaki, ez luke gehiegi gibelatzea nahi, «udan oporrak izan nahi ditudalako».
Data mantendu eta edukiak murriztea edota bertan behera uztea ere aipatu dute: «kasu horretan ere, eragina zuzena izanen da. Nota Batxilergoko bataz bertzekotik aterako balute, fin ibili direnen mesederako izanen litzateke; estu ibili direnek, berriz, unibertsitatean sartzeko komeriak izanen lituzkete».