Hodei Lujanbio goizuetarrak irabazi du Lesakako II. Mendi Lasterketa

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2020ko mar. 9a, 12:00

Emakumeen artean Maite Karrika donostiarra nagusitu zen eta Gazte Trailen Mattin Lekuona lesakarra eta Ainhoa Etxegarai beratarra

Martxoaren 8an egin dute Beti Gazte elkarteak bigarren aldiz antolatutako Lesakako Mendi Lasterketa. 14 kilometro luze eta 900 metroko desnibela duen lasterketa osatu zuten nagusiek, tartean Frain (455 metro) eta Unanue igoz. Gizonezkoetan, Intxixu Trail taldeko Hodei Lujanbio goizuetarra nagusitu zen (1.14.37), Berrobiko Ibai Madina (1.16.08) eta Arraiozko Iñaki Mihuraren (1.16.47) aitzinetik. Emakumezkoetan, estuago joan ziren kontuak eta Maite Karrika donostiarra izan zen garaile (1.35.42), zortzi segundura sartu zen Altsasuko Haizea Ramirez de Alda (1.35.50) eta 31 segundora iaz garaile izan zen Idoia Maritxalar lesakarra (1.36.13).

Gizonezkoetan, laugarren izan zen Jokin Arretxea narbartearra (1.19.22), bosgarren Beñat Saralegi lesakarra (1.19.56), zortzigarren Peio Etxabide lesakarra (1.21.36) eta bederatzigarren Iñigo Lasaga beratarra (1.21.55).

Emakumezkoetan laugarren izan zen Berako Ane Eltzaurdia (1.36.46), zortzigarren Lesakako Maite Aiestaran (1.56.06), hamabigarren Lesakako Loli Pardal (2.00.04), hamabosgarren Amaiurko Begoña Aroztegi (2.05.44), hamaseigarren Igantziko Maria Iantzi (2.10.24) eta hemezortzigarren Lesakako Ainhoa Ubiria (2.12.58).

163 korrikalarik lortu zuten proba nagusia burutzea. Irteera eta helmuga komentu inguruan izan dute aurtengoan, martxoaren 8a zela eta plaza inguruan zenbait ekitaldi antolatuak zirelako.

Mattin Lekuona eta Ainhoa Etxegarai Gazte Trailen; Beti Gazte taldeka

13 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzendutako Gazte Trail lasterketa, 7 kilometro luze eta 300 metroko desnibela duena ere egin zuten hogei korrikalarik. Hauek Frain igo eta herrira jautsi behar zuten. Iaz bezala, Mattin Lekuona lesakarra nagusitu zen (32.51), Beintza Labaiengo Beñat Albisu (33.08) eta Erratzuko Unai Bengotxearen (33.33) aitzinetik. Nesketan, iaz bigarren izan zen Berako Ainhoa Etxegarai nagusitu zen (36.48), Arantzako Lorea Zubietaren aitzinetik (45.34).

Taldeka Beti Gazte nagusitu zen eta txanpaina eta bildotsa eraman zuten saritzat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun