'Zaldi urdina' antzezlana ikusgai izanen da Harriondoan martxoaren 7an

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 3a, 10:00
Ander Lipus, Manex Fuchs, Urko Redondo, Miren Alcala, Oier Zuñiga, Edurne Azkarate eta Olatz Beobide antzezleek parte hartzen dute 'Zaldi Urdina' antzezlanean.

Larunbatean 19:00etan Harriondoan eskainiko den emanaldirako sarrerak salgai daude dagoeneko. Ttipi-Ttapak sarrera bikoitz bat zozketatuko du.

 

Artedrama; Dejabu eta Axut! antzerki taldeen eskutik, Ximun Fuchs-ek zuzendutako Zaldi urdina antzezlana taularatuko dute martxoaren 7an, larunbatean, 19:00etan Harriondoan. Nafarroako Antzoki Sareaen Zirkuituaren baitan eskainiko den emanaldirako sarrera 8 euro gostako da eta Telletxean, Xagun eta Turismo Bulegoan eskura daiteke.

Ander Lipus, Manex Fuchs, Urko Redondo, Miren Alcala, Oier Zuñiga, Edurne Azkarate eta Olatz Beobide antzezleek parte hartzen dute.

 

Sinopsia

Aingeru, 17 urteko mutil gaztea, desagertu egin da, tekno jaialdi batean gazte bat bihotzekoak jota hil ondoren. Zaldi Urdina deitzen den droga berri batek eragin dio heriotza gazteari. Polizia Aingeruren bila dabil, trapitxeroa bera delakoan.

Amets, Aingeruren 22 urteko arreba errebeldea da, gaztetxe eta bizimodu osasuntsu zalea. Ikerketa bat hasiko du, Karmen amona eta Simon udaltzain traketsarekin batera.

Aingeru poliziek baino lehenago aurkitu behar dute, eta abokatu on batekin joan epaitegira. Astebeteren barruan, 18 urte bete baino lehen. Atzera kontaketa bat da.

Ikerketa amateurraren bidean gurutzatuko dituzte gazteriaren ondoezak eta ametsak, trafikanteen eta interes ekonomikoen boterea, indar polizialen konplizitatea eta politika baten aztarna.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun