Etxalarren, Lizarietako aduana zaharra Hegaztien Behatoki bihurtzeko obraren lehen fasea egin dute

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 26a, 08:45

Hainbat fasetan eginen dute Lizarietako aduana zaharra Hegazti Migratzaileen Interpretazio-Zentro eta Erabilera Anitzeko Espazio bihurtzeko egitasmoa. Lehen fase honetan sartu da etxearen teilatua berritzea eta egitura osoa egonkortzea. Obra abenduan hasi zen eta aste honetan amaitu dute.

Garai batean Kultur Etxearekin egin zen bezala, orain Lizarietako aduana zaharra Hegazti Migratzaileen Interpretazio-Zentro eta Erabilera Anitzeko Espazio bihurtzeko egitasmoa ere hainbat fasetan eginen du Etxalarko Udalak. Lehen faseari dagokion obra joan den abenduan hasi zen eta egunotan eman diote akabera. Hurrengo fase batean sartuko da eraikina barnetik prestatzea, elektrizitate-instalazioak egitea, komunak, etxearen barneko gelak eta abar.

Lehen fasearen xehetasunak

Lehen fase honetan eraikinaren egitura nagusia egonkortu dute

Hasierako lan hauek 73.335 eurotan esleitu dituzte (BEZ kanpo) eta obra Arrixko Igeltseritza enpresak egin du. Finantzamenduari dagokionez, esleipenaren diru kopuru horretatik 50.000 € Nafarroako LGP (Leader) programaren bitartez ordainduko da, eta gainerako kostua Etxalarko Udalak ordainduko du.

Aipatu bezala, oraingo fasean teilatu berria eman diote etxeari, egitura osoa egonkortu dute, zola inpermeabilizatu dute eta kanpoko pareten egoera konpondu.

 

Cederna Garalur Garapen Agentziaren bitartez, 50.000 euroko dirulaguntza bideratu da Nafarroako Gobernutik eta Europako Funtsetatik (FEADER).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun