1995eko udaberrian jantzi zuen lehenbiziko aldiz Nafraroako txapela Estitxu Arozenak. Hamarkada hartan bertze txapel bat eta bi bigarren postu ere lortu zituen Nafarroako finaletan. Ordurako plazaz plaza hasia zen. Gaur egun, bertsolaritza non eta nondik bizi duen azalduko dute Hitzetik Hortzeran, eta Lesakan egin berri duten Nafarroako Bertso Munduko Emakumeen Topaketari buruz ere galdetuko diote.
Igandeko saioan bertsoaldiak ere ez dira faltako. Horien artean, Seaskaraen alde Senperen antolatu zuten BECtso saioko bertsoaldiak eskainiko dituzte. Aipatu behar da, igande honetatik aitzinera, historiako emakume bertsolariak hobeki ezagutzeko aukera izanen dela Hitzetik Hortzeran; ondoko zazpi programetan bertsolari haietako batzuek oroitaraziko dituzte.