Sorginxulo Kultur-bilgunerako irudia aukeratzeko lehiaketa deitu du Lesakako Udalak

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 20a, 13:00
Sorginxulo kultur-bilgunearen hurrengo bilera martxoaren 7an eginen dute Harriondoa Kultur Etxean.

Lanak martxoaren 13ra bitarte aurkez daitezke Herriko Etxean

Lesakako Sorginxulo Kultur-Bilgunearen logotipoa sortzeko lehiaketa eginen da, Udalak deituta. Proposamenak aurkezteko azken eguna martxoxaren 13a, ortziralea izanen da eta 13;00 orduak arte aurkez daitezke Lesakako Herriko Etxean. Irudi irabazlearen egileak Harriondoan eginen diren ekitaldiez gozatzeko bonoa jasoko du.

Logotipoa sortzea da helburua, beraz, zertarako den kontutan hartuz, gaia norberak nahi duena izan daiteke. Hori bai, aurkezten diren lanak jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan behar dira. Parte-hartzaileak Lesakan jaioak edo bertan erroldatutako pertsonak izanen dira eta bakoitzak nahi adina lan aurkezten ahal ditu.

Aurkezpenari dagokionez, lanak gutun-azal batean sartuta aurkeztuko dira udal bulegoetan. Gutun-azal horren barrenean bertze sobre ttiki bat sartuko da, itxita, eta bertan aurkezlearen izen-deiturak, helbidea eta telefonoa idatziko dira. Kultur-Bilguneak erabakiko du irabazlea, eta haren erabakia apelaezina izanen da. Udala jabetuko da lan sarituaz eta bertzeak itzuliko dira.

Sorginxulo kultur-bilgunearen hurrengo bilera martxoaren 7an eginen dute, larunbatean 09:30ean Harriondoa Kultur Etxean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun