Nafarroako Gastronomia Akademiaren sari berezia jaso du Lesakako Kasino jatetxeak

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 18a, 12:30

Imanol, Ana eta Belen Elizalde, Kasinoko Josefina Sagardiaren seme-alabek jaso dute oroigarria.

80 urteko ibilbidea goraipatu dute Iruñeko Baluarten otsailaren 17an egindako ekitaldian

 

Nafarroako Gastronomia Akademiak bere urteko saria eman du otsailaren 17an Iruñeko Baluarten. Sari nagusia EL Molino de Urdaniz jatetxeko David Yarnozek eskuratu du, Nafarroan bi Michelin izar dituen sukaldari bakarrak. Lehen aldiz, “Errekonozimendu berezia” eman zuen Akademiak eta Lesakako Kasino jatetxearentzat izan da. Urtetan eta urtetan horko nagusi izandako Josefina Sagardia joan den astean hil zen eta bere seme-alabek jaso zuten oroigarria.

Nafarroako Gastronomia Akademiatik jakinarazi dutenez, Baluarteko hitzorduaren berritasun nagusia izan da Kasino de Lesaka jatetxeari «Errekonozimendu Berezia» ematea, lehen aldiz, 80 urte baino gehiagoko ibilbideagatik. «Kalitateko tokiko produktuarekin lotura estua duen sukaldaritza zaindu eta tradizionala» eskaintzen duela adierazi du Akademiak. Kasu honetan, gainera, hunkigarria izan da ekitaldia, Josefina Sagardia, «Kasinoko alma mater karismatikoa» joan den astean hil baitzen, erabaki hori plazaratu eta egun guttira.

Imanol, Ana eta Belen Elizalde, Josefinaren seme-alabek jaso dute oroigarria. Imanol Elizaldek gogoratu du amak “Ilusioz jaso zuela sariaren berria. Ama gurekin dago oraindik eta sari hau bere ondoan izanen da”, aipatu zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun