Emakume Master Cup txapelketako partida galdu du Naiara Trigueros beratarrak

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 17a, 19:00

Mailak goiti egiten segitzen duela berretsi da igandean Deban

 

Aurreko asteetan bezala, giro polita izan da igande goizean Debako pilotalekuan eta bertaratu diren pilotazale ugariek –frontoiaren hiru laurden inguru bete dira– jaialdi polit batez gozatu ahal izan dute. Nabari da, asteek aitzinera egin ahala pilotarien mailak ere goiti egin duela eta bertze zerrendaburu batzuk txapelketan sartuta kalitate handiko partidak ikusi ahal izan dira. Naiara Trigueros beratarrak galdu egin zuen.

Pilota goxoko lau kanporaketa jokatu dira kostaldeko herrian. Lehenengo partidan Maite Tolosa amezketarrak eta Eneritz Arrieta azkoitiarrak erraz gainditu dituzte Nerea Sagarna eta Haizea Marijuan bizkaitarrak 18-7. Gipuzkoarrak nagusi izan dira eta ez dute euren onena atera behar izan kanporaketa gainditzeko

Arantxa Arratibel ataundarrak eta Aisha Etxeberria amezketarrak, euren aldetik, markagailuak erakusten duena baino baino gehiago sufritu behar izan dute Paula Iturbide larrabetzuarra eta Onintza egaña azpeitiarrari 9-18 irabazteko. Piloteo luzeko tantoak izan dira, nahiz eta, azkenean, gehienak urdinen aldera erori diren.

Ezbairik gabe, Galdakaoko Irati Ugalde eta Basauriko Izaskun Martinek Uharteko Aizane Ibarrola eta Eider Zubizarreta zarauztarrari18-13 irabazi diotena izan da jaialdiko partidarik onena. Bereziki nabarmentzekoa da aurrelari nafarrak erasoan eman duen erakustaldia, txokoan moztutako bortz tanto lortu ditu, baina azkenerako, irabazleek euren indarra nagusitu dute partida polit baten ostean.

Bukatzeko, Nagore eta Leire Galeano ahizpek hirugarren kanporaketa gainditu dute Deban. Berako Naiara Trigueros eta  Orduñako Ekiñe Otaolak erraz xamar jarri dizkiete gauzak eta Debagoienakoak 2-18 nagusitu dira, aurtengo txapelketako ezusteetako bat direla berretsiz.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun