Lesakako bizilagun bat atxilotu dute Errenta Aitorpenaren zerbitzaria 'hackeatzeagatik'

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 15a, 11:05
Atxilotuari, 2018an antzeko kausa bat izapidetua zioten jadanik, orduan ere bertze eraso batean ehunka dokumentu eskuratu zituelako.

Foruzaingoaren agenteek, Informatika Delituen Taldeko kideek, Lesakako 35 urteko gizon bat atxilotu dute berriki, Errenta Aitorpenaren zerbitzari informatikoan sekretuak aurkitu eta ezagutaraztea egotzita.

Gertaerak iazko abuztuan izan ziren, Nafarroako Gobernuko Ogasun Departamentuko Errenta Aitorpenaren atariko zerbitzariaren kontra eraso masibo bat antzeman zenean eta, horrek, zerbitzari horren erorketa eragin zuenean. Ogasun Departamentuak salaketa jarri zuen Foruzaingoan, eta gertatutakoa ikertzen hasi zen, informazio konfidentziala eskuratzeko arriskua zegoelako.

Delitu informatikoen taldeko ikerketek ondorioztatu zuten egilea polizia-aurrekari ugari zituen gizona zela. Atxilotuari, 2018an antzeko kausa bat izapidetua zioten jadanik, orduan ere bertze eraso batean ehunka dokumentu eskuratu zituelako.

Azkenik, aipatu behar da Nafarroako Foru Ogasunak epaitegian instruitutako aurretiazko eginbideetan aurkeztea erabaki duela, bere eskubide eta interesak hobeki defendatzeko behar diren ekintzak gauzatuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun