«Hainbat belaunaldi elkartuko gara Fraindarren 50. urteurrena ospatzeko»

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 18a, 07:30
Xalbador Madariaga Almandoz

Xalbador MADARIAGA ALMANDOZ
Lesakako musikaria

Arantzan sortu bazen ere, zazpi urterekin etorri zen Lesakara bizitzera Xalbador Madariaga. Geroztik, Frain auzoko Itturriko Borda izan du bizileku. Bertan entzun zituen lehenbiziko musika akordeak: «musikarako afizioa, batez ere, nire aita eta aitatxirengandik heldu zait. Aitak solfeoa mediku zaharrarekin ikasi eta akordeoia jotzen zuen, klaseak gauez hartuta». Ohikoa omen zen garai hartan Arantzan akordeoia jotzea, «plazan igandero dantzaldia izaten zen. Partiturak elkarri pasa edo elkarri adituz ikasten zituzten piezak».

Ikasle eta irakasle
Xalbadorrek akordeoia bakarrik ez, trikitixa eta pianoa ere jotzen ditu: «duela hogei bat urte ikasi nuen trikitixa jotzen eta pianoa 24 bat urte nituenean. Gero, Ekaitz taldean teklatua jotzen aritu nintzen sei urtez».
Hainbat musikari famatu izan ditu irakasle: «solfeoa Santiago Irigoienekin ikasi nuen, akordeoia Pepito Yancirekin eta Mikel Bikondoarekin eta ikasketak Donostiako kontserbatorioan osatu nituen». Nazioarteko akordeoilariengandik ikasteko aukera ere izan du eta orain bera da bertzeei irakasten dabilena: «40 urte daramazkit musika irakasten eta betidanik eduki nahi izan dudan lanbidea da». Musika zalea bezain inauterizalea da eta biak uztartzeko aukera izaten du Lesakako inauterietan: «hamabortz urte nituenean atera nintzen lehenbizikoz Fraindarrekin akordeoia jotzen». Sei bat urtez atera gabe egon eta soldaduska egin ondotik hartu zuen martxa, «gaur arte».

Fraindarren 50. urteurrena
Aurten, gainera, bereziak izanen dira inauteriak Fraindarrendako: «50 urte beteko ditugu eta oraingo gazteak eta lehen atera izan direnak elkartuko gara. Goizean baserriz baserri ibili eta ondoren elkarrekin bazkalduko dugu». Astelehenean goizeko 8etan egin dute hitzordua eta goiz eta arratsaldez ibiliko dira baserrietan, «Frainen baserri aunitz baitira». Biharamunean, berriz, Izotzalde auzoko bizilagunei eginen diete bisita: «bezpera baino lasaiagoa izaten da, baina hagitz polita. Anekdota anitz izaten dira eta kuadrillan kontatzeko eta irriz urratuak eta umore ederrean ibiltzen gara».
Igandeko zakuzaharrak eta asteleheneko karrozak ere inauterien parte dira, «bi egun horiek dira indartsuenak. Juerga gustatzen zaionak, aukera ederra du Lesakan». Aitortu digu, gaur egun, Xalbador ez dela mozorrotzen, «mozorrotzeko ilusio edo irrika hori galtzen da eta festa bertze modu batera egiten da». Hori bai, txapela berdea, koloretako zapia eta blusa beltza jantzi gabe ez da geldituko. Fraindarren bueltan akordeoi doinurik ez da faltako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun