«Ttikitatik nabil musika munduan eta etorkizunean ere hala segi nahi nuke»

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 17a, 14:00

Eneritz Zapiain Abuin.

Eneritz ZAPIAIN ABUIN 
Berako musikari gaztea

 

Saxofoi bati lotuta, «lasaitasuna, dibertsioa, lagunak...» topatu ditu Eneritz Zapianek. Hala dio: «musikak bizitza ematen dit». Hamazazpi urte ditu eta ttikitatik dabil musika munduan: «zazpi edo zortzi urte nituenean hasi nintzen saxofoia ikasten». Ez da jotzen duen musika-tresna bakarra: «pianoa urte betez eta perkusioa lau urtez ikasi dut eta etxean ditugun bertze instrumentuekin ere saltsan ibiltzen naiz».

Berako Musika Bandako kidea
Etxetik karrikarako saltoa egin eta duela bortz bat urte sartu zen Berako Musika Bandan, «orduan hasi nintzen musikari bezala herriko ospakizunetan parte hartzen». Bandarekin ari denean, «kontent» aritzen da: «gustuko dudan zerbait bertze herritarrekin, egun berezi horietan, konpartitzen dudalako». Ekitaldi saila girotzen dute: «Berako danborradan, bestetako kontzertuan, Santa Zezilia Egunean eta Kaldereroetan jotzen dugu baita Lesakako Bandarekin ere. Horietaz gain, Donostiako danborradan ere parte hartzen dut Elutxa Txarangarekin». Jotzen duen bakoitzean «aunitz disfrutatzen» duela aipatu digu. Dena den, bestak bizitzeko moduan eragina baduela ere aitortu du: «inude eta artzainetan, adibidez, aukeratu beharra izan dut. Azken bi urteetan dantzariak musikaz laguntzen aritu naiz, baina gogoa dut urteren batean dantzari bezala ateratzeko ere».

Mozorrotzea gustuko
Musika bakarrik ez, mozorroak ere badira inauterien parte eta aipatu digu mozorrotzeko afizioa ere ttikitatik heldu zaiola: «lagunak etxera etortzen ziren guztietan mozorro besta izaten genuen». Umetan ongi ikasia mantentzen dute lagunartean eta «inauteriak baino hilabete lehenago» hasten dira mozorroa pentsatzen, «bi aste falta direnean erabakitzeko». Gero, eskulanean hasten dira: «beti mozorroa etxean egiten saiatzen gara, eta hori osatzeko gauza batzuk erosten ditugu». Orain artekoetatik, «santeraz» atera zirenekoaz oroitzen da bereziki: «aunitz disfrutatu nuen, aurpegi guztia beltzez margotu genuen eta egunez inork ez zekien nortzuk ginen eta arratsez guttiago». Larunbatean Lesakara bisita eginez hasiko ditu inauteriak eta igandeko inude eta artzainekin eta asteleheneko eske eta mozorroekin borobildu.Ongi ikasitako melodiak, inprobisatutako kantuak eta lagunartean bizitako momentuekin osatuko ditu Eneritzek inauteriak. Eta musika eta mozorroak hagitz gustuko dituela jakinki, ez da harritzekoa inauteriak beretzat zer diren galdetuta «urteko ospakizunik hoberenak» direla erantzun izana.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun