Berako Toki Ona institutuko ikasleek munduko partikulen azeleragailu indartsuena ezagutu dute Ginebran

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 16a, 10:00
Toki Ona institutuko ikasle eta irakasleak Ginebran.

Batxilergoko Fisika eta kimikako bigarren mailako ikasleak otsailaren 6tik 9ra CERN bisitatu dute Suitzan

 

Berako Toki Ona institutuko batxilerreko fisika eta kimikako bigarren mailako 17 ikasle, bi irakasleen laguntzarekin, Ginebran (Suitza) egon dira otsailaren 6tik 9ra CERN-en bisitaldia egiten.

CERN (Conseil Européen pour la Recherche Nucléaire) munduko ikerketa zentru handienetakoa da. Bertan munduko partikulen azeleragailu indartsuena dute, LHC, 27 kilometroko perimetroa duena, lurrazpian 100 metroko sakoneran. Ikasleek interes handiarekin aditu zituzten bertan lan egiten duten zientzilarien azalpenak: zer egiten duten, nola lan egiten duten, zertarako... Bisitaren ondoren esperimentatzeko tartea ere izan zuten “laino ganbara” eraikiz.

Bidaia aprobetxatuz Nazio Batuen Erakundeko eraikina ezagutzeko aukera izan zuten eta baita Ginebrako kaleetan zehar ibiltzeko ere, Mont Blanc bistan zutela.

Bidaia aski interesgarria izan da eta zeinek daki, agian hemendik urte batzuetara, aurten bisitan joan dena bertan lanean aurkituko dugu. Polita izanen litzateke azalpenak euskaraz entzun ahal izatea.          

Toki Onako ikasleek munduko partikula azeleragailu handiena bisitatu zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun