Jose Luis Sirera da Igantziko Biltokiko presidente berria

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 14a, 20:00
Jose Luis Sirera, Igantziko Bitoki elkarteko presidente berria.

Elizateko lanak 2022ko udazkena baino lehen ez direnez bukatuko, ordura arte ez dute egoitza lekuz aldatuko

 

50 lagun bildu zituen Igantziko Biltoki Elkarteko juntak egindako urteko batzarrerako deialdiak. Urtean zehar elkarteak antolatu dituen ekitaldei egin zitzaion errepasoa hasieran, bazkide berriak eta elkartea utzi dutenak aipatu ziren ondotik eta diru kontuei buruzko laburpena eztabaidatu zen hirugarren puntuan.

Azken puntu honetan, ekitaldiak diruz laguntzeko Herriko Etxearekin izandako hartuemanetaz informatu zuen juntak. Proposatutako barne-araudiko aldaketa ere onartu zuen batzarrak eta egoitzaren leku aldaketaz informatu zuen segidan. 2022ko udazkena izanen omen da, Herriko Etxearen erranetan, Elizateko lanak akautzen direnerako. Horixe da, beraz, elkarteak eskuartean darabilen epea.  Azkenik, juntako partaide berriak aukeratu zituzten: Jose Luis Sirera izanen da lehendakaria Iñaki Porturen ordez, Iñigo Migelenak eginen ditu diruzain lanak Idoia Bereauren lekua hartuta eta Xabat Matxikotek arduratuko da idazkari lanetaz, Iker Gonzalezek bere bi urteak bete ondotik. Bokalak Korpus Txoperena, Imanol Retegi eta Aitor Txoperena izan dira, Rexu Irigoien, Lander Sein eta Luis Almandozi lekua hartuta. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun