Arbolaren Egunerako prestaketekin hasiko dira larunbatean Lesakan

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 12a, 14:00
150 zuhaixka landatuko dituzte Gardelko pagoetan.

Otsailaren 22an ospatuko du Lesakako Beti Gazte elkarteak Arbolaren Eguna eta larunbat honetan, otsailaren 15ean, lanak aitzintzeko hitzordua egin dute. Gardelko pagoetan 150 bat zuhaixka landatzeko asmoa dute eta horretarako, eremua garbitu, desbrozatu, zerrakura egin eta astia eman ezkero landaketak egiteko zuloak prestatuko dituzte. Helduekin 08:00etan egin dute hitzordua eta haurrekin 09:00etan. Lanak bukatutakoan hamaiketakoa izanen dute.

Duela zazpi urte antolatu zuen Beti Gazte Elkarteak lehenengoz Arbolaren Eguna:«Inguruko herrietan antolatzen zela ikusi genuen eta hemen halakorik ez zela egiten ikusita, antolatzea pentsatu genuen». Beti Gazte Elkarteko Modesto Maiak Xorroxin irratiari adierazi dionez, harrera bikaina izan zuen lehenbiziko urtean:  «sekulako jendetza bildu zen, baina azkeneko urtetan gutxiago izan dira». Horregatik, parte hartzeko gonbidapena luzatu die herritar guztiei:«nahi genuke haurrak, gazteak, helduak, adinekoak...  animatzea. Etortzen diren guztiak ongi etorriak izanen dira». Baldintza bakarra, «norberak bere aitzurra eta lana egiteko gogoa eramatea da. Indarrak berreskuratzeko gosaria gure kontu». Auzolanean, natura zaindu eta elkarrekin ongi pasatzeko aitzakia dela ere gaineratu du «mendia berreskuratzeko modua da».

Otsailaren 15ean eremua prestatu ondotik, otsailaren 22an eginen dute landaketa. Gardelko pagoetan, 150 bat arbol landatuko dituzte, «hosto zabalak landatuko ditugu. Bertako haritzak, lizarrak, gereziondoak, pagoak eta gaztainondoak eta aitzineko urtetatik igortuak daudenak ere berriz landatuko ditugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun