Gure bizipoza, guztiona dokumentalaren eta dokuwebaren aurkezpen ekitaldia arrakastatsua suertatu zen otsailaren 7an Berako Kultur Etxean. Bortzirietako Guztiok eta Bizipoza elkarteek antolatu zuten ekitaldia, Berako Udalaren babesarekin.
Bizipoza zer den azaltzen duen emanaldia izan zen egitasmoa osatzen duten bi talderen dokumental ttikiak (Bortzirietako Guztiok eta Biak Bat) eskaini zituzten, baita Bizipozarena ere. Estitxu Fernandez eta Anabel Arraizak aurkeztu zuten eta Gure Txokoa dantza taldeak, Julen Zelaietak, Joseba Irazokik Pettik eta bertze zenbait gonbidatu berezik bere elkartasun keinua egin zuten.
Bizipoza egitasmoa
Irabazi asmorik gabeko egitasmoa da Bizipoza. Izaera bereziko gaiak lantzen dituzten haur eta familien ongizatea helburu duten elkarteei laguntza afektiboa eta materiala eskaintzea du helburu. Eta aldi berean, elkarte hauek transmititzen dituzten baloreak jaso, hauekin aberastu eta hezi, eta hauek gizarteratuz herri inklusiboago bat eraikitzen saiatu.
Momentu honetan Euskal Herrian aritzen diren 35 elkartek osatzen dute Bizipoza (www.bizipoza.eus)
Hainbat ekimen burutzen dituzte urtean zehar baina azkeneko bi urte hauetan proiektu berri bat garatu dute: Dokuweb bat, non edukiak elkarteen inguruko mikro-dokumental txikiak diren, haur eta familia hauen istorio errealak. Eta honekin batera Bizipoza zer den azaltzen duen dokumentala ere.
Euskal Herri osoan zehar zabalpen lanak egiten dabiltza, elkartasuna, auzolana eta bizipoza bezalako baloreak gizartean euskaraz zabaltzeko. Lehenengo aurkezpenak hiriburuetan egin dituzte eta orain, eskualdeka eginen dituzte ahalik eta hedapen handiena hartu ahal izateko. Horietako bat izan da Beran egin dutena.