Komentuko gela umeek erabiltzeko irekiko du Lesakako Udalak

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 11a, 16:00

Ateak ireki eta ixteaz gain, haur taldeak dinamizatu beharko ditu arduradunak.

Gelaz arduratzeko langile bat kontratatuko du martxoaren 1etik maiatzaren 31ra eta eskaerak ortziralera bitarte aurkez daitezke

 

Lesakako Udalak komentuko gela umeek erabiltzeko ireki nahi du. Horretaz arduratzeko, arratsaldez ireki eta itxitzeko, gelaren garbiketa egiteko, bertan arauan errespetarazteko eta aisialdiko ekintzak antolatzeko pertsona bat kontratatzea du helburu. Kontratuak hiru hilabete, 2020ko martxoaren 1etik 2020ko maiatzaren 31 arte, iraunen du. Tarte horretan, astelehenetik ortziralera 16:00etatik 20:30era komentuko gela ireki eta itxi, haur taldeak dinamizatu eta eman dakizkiokeen bertzelako lanak egin beharko ditu.

Hautagaiak langabetua eta langabezi bulegoan izena emana behar du.

Eskaerak Lesakako udalean aurkeztu behar dira otsailaren 10etik 14ra bitartean, 15:00 baino lehen. Onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda otsailaren 17an argitaratuko da, Lesakako udalaren webgunean (www.lesaka.eus). Ondotik euskara proba otsailaren 25ean, 10:00etan eta proba praktikoa hilaren 27an 10:00etan eginen dituzte eta merezimenduen (prestakuntza eta lan esperientzia) balorazioa ere kontuan hartuko da. Emaitza orokorrak otsailaren 28an emanen dira argitara udalaren webgunean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun