600 kiloko Euskal Herriko sokatira txapela ere irabazi dute Beti Gazteko mutilek

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 10a, 09:28
Beti Gazteko mutilen zortzikotea lanean larunbatean Ibarran, 600 kiloko txapelketaren finalean. Txapeldun suertatu ziren lesakarrak. Argazkia: Olatz GO

Emakumeak nagusi izan ziren 500 kiloko bigarren jardunaldian eta datorren asteburuan jokoan izanen dira falta diren txapelak

Euskal Herriko zortzinakako sokatira txapelketa azken txanpan sartua da. Larunbatean Ibarran (Gipuzkoa) jokatutako jardunaldian, Beti Gazteko gizonezkoen taldeak 600 kiloko txapela jantzi zuen eta emakumeek, 500 kiloko bigarren jardunaldian, lehen postua lortu zuten.

Gizasemeen taldeak tiraldi guztiak irabazi zituen eta 680 eta 640 kilokoan bezalaxe, 600 kiloko Euskal Herriko txapela jantzi zuen. Karmelo Mitxelena, Joxe Angel Mitxelena, Mikel Apeztegia, Beñardo Iantzi, Beñat Ordoki, Dominique Errandonea (Ezpeleta), Eneko Saldias (Sarasate) eta Gerardo Telletxea aritu ziren zortzikote txapeldunean, Paskual Taberna erakusle zutela. Aipatzekoa da Ander Mitxelena, 15 urteko Lesakako tiralari gaztea Berriozarrekin utzita aritu zela eta laugarren izan zela. Karmelo aitaren eta Jose Angel osabaren kontra tiratzea ere suertatu zitzaion, baina ez zen horregatik kikildu.

Beti Gazteren ondotik, Ibarrak eta Gaztedik osatu zuten podioa, Berriozar laugarren izan zen, Murueta bosgarren eta Txantrea seigarren.

Emakumezkoen 500 kiloko bigarren jardunaldian ere nagusi izan zen Beti Gazte. Nahitaezkoak zituen puntuak Lesakako taldeak, lehen jardunaldian hirugarren izan baitzen, Badaiotz eta Txantrearen gibeletik. Oraingoan tiraldi guztiak irabazi zituen Beti Gaztek (6 puntu), bigarren izan zen Badaiotz (5 puntu), hirugarren Txantrea (4 puntu), laugarren Gaztedi (3 puntu), bosgaren Ibarra (2 puntu) eta seigarren Antsoain (punto 1). Heldu den larunbatean jokatuko den kategoria honetako hirugarren jardunaldiaren faltan, sailkapen orokorrean Badaiotz da lehenbizikoa 11 punturekin, Beti Gazte bigarren 10 punturekin eta Txantrea hirugarren 9 punturekin. Hiruen artean izanen da txapelaren jokoa. Gaztedik 6 punturekin, Ibarrak 4 punturekin eta Antsoainek, 2 punturekin, ez daukate aukerarik.

 

Euskal Herriko azken asteburua

Beriozarren, larunbatean, emakumezkoen 500 kiloko hirugarren jardunaldi erabakigarria ez ezik, gizonezkoen azken txapela ere jokoan izanen da Euskal Herriko txapelketan: 560 kilokoa. Beti Gazterekin batera, Ibarra, Berriozar, Txantrea, Gaztedi eta Murueta lehiatuko dira pisu arinenean. Biharamunean, igande goizean Ezkabarten, txapelketa mistoa jokatuko dute, 580 kiloko kategorian. Hemen ere taldea aterako dute Beti Gazteko neska-mutilek eta beraiekin batera, bertze zazpi talde lehiatuko dira: Ibarra, Berriozar, Antsoain, Txantrea, Bizindar eta Gaztedi A eta B. Beraz, Euskal Herriko txapel guztien jabe egiteko aukera dauka Beti Gaztek, Irlandako Munduko txapelketara abiatu baino lehen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun