Itzeko Portu etxeko ondare baliabideen gunearen proiektua indartu nahi du Berako Udalak

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 6a, 18:00
Itzeko Portu etxea zaharberritu eta Berako ondare baliabideen gunea egiteko proiektua aitzinera atera nahi du Berako Udalak.

Otsailaren 5ean Nafarroako Parlamentuan izan zen herriko ordezkaritza, Aitor Elexpuru alkatea buru zela

 

Itzeko Portu etxean Berako ondare baliabideen gunea egiteko proiektuaren berri ematera joan zen otsailaren 5ean Berako ordezkaritza bat Nafarroako Parlamentura. Iaz, proiektuak 100.000 euro lortu zituen Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentutik, eta bideragarritasun-plan bat egiteko, merkatu-azterketa bat egiteko eta irisgarritasun unibertsalaren plana egiteko erabili ziren, baina ez zen osorik gauzatu. Aitor Elexpuru alkatearekin batera, proiektua bultzatzen duen Auzolan taldeko hainbat kide joan ziren Iruñera, hala nola Jon Abril, Helena Santesteban eta Isabel Ordoñez.

Portuko beheko solairuan honako hauek egonen lirateke: harrera, turismo-bulegoa, zentroaren kudeaketa-bulegoak eta liburutegi-kafe kontzeptuaren inguruko topagunea, bertako produktuekin, ostalaritzarekin eta abarrekin.

Erakusketa-eremua 1. eta 2. solairuetan egonen litzateke, eta Julio Caro Barojak bildutako pieza batzuk hartuko lituzke, izaera etnografikokoak. Eremu horrek baserriaren bizitza, herriko pertsonaia ospetsuak, ondare arkitektonikoa eta industriala, edo Berak mugarekin eta kontrabanoarekin duen harremana ere bilduko lituzke.

Azkenik, hirugarren solairua esperimentalagoa izanen litzateke, laborategia, tailerrak eta bilerak egiteko gune komunak, talde-dinamikak eta eskola-tailerrak izanen lituzke, espazio praktiko, moldagarri eta funtzio anitzekoa, ondarea balioesteko toki-erakundeen arteko lankidetza-proiektuak sortu eta garatzeko.

2020ko aurrekontuetan 65.000 euroko partida aurreikusia dago proiekturako, EH Bilduren zuzenketa baten bidez sartua, eta udalaren helburua da diru-sail hori 100.000 eurora ailegatzea, bertze talde politikoen babesarekin. Geroa Bai horren alde agertu zen lan-saioan eta bertze taldeek ere harrera ona izan zutela eta baikor agertu da Berako alkatea.

Bilkuran zehar, Aitor Elexpuruk parlamentuko talde guztien konpromisoa eta laguntza eskatu zuen Nafarroako Gobernuak, Udalak eta Auzolan taldeak osatutako lantaldeari jarraipena emateko eta fundazio bat sortzeko. Era berean, laguntza izendunak eta urte anitzekoak eskatu zituen: aurten 100.000 eurokoa proiektua idazteko eta baldintza teknikoak prestatzeko; 2021ean, 850.000 eurokoa obra egiteko eta 2022an 400.000 eurokoa eduki, ekipamendu eta inauguraziorako.

 

Auzolan taldea

Berako Udalak bere urteko aurrekontuaren %4 kulturan inbertitzen du eta Auzolan taldeak hainbat proiektu garatu ditu azken urteotan Beran ondare materiala eta ez-materiala sustatu, zaindu eta zabaltzeko. 2013. urtean San Miguel zubiaren batailaren bigarren mendeurrena ospatu zen, zubia finkatuz eta gertaera historikoak zabalduz. 2014. urtean Julio Caro Barojaren jaiotzaren mendeurrena ospatu zen, 2015. urtean Konpane zubia berreskuratu zen eta eta 2017an hainbat jarduera egin ziren Isidoro Fagoaga tenorearen figura eta ondarea aitortzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun