Naiara Trigueros beratarrak galdu egin du Emakume Master Cupeko bere lehen partidan

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 4a, 19:00

Pilotari kataluniarraren borondate handiak sari ttikia izan zuen larunbatean Antzuolan

 

Maria Isabel García eta Leire Arribas kataluniarren esfortzu handiak sari ttikia izan zuen larunbatean Antzuolan, Emakume Master Cup pilota txapelketako jardunaldian. Bartzelonatik 750 kilometro egin ondotik, barrenean zuten guztia jarri zuten arren, ezer gutxi egin ahal izan zuten eta Laia Salsamendi eta Ane Mendiburu nafarren aurka (3-18). Gure pilotariei dagokienez, Naiara Trigueros beratarrak, bere estreineko partidan galdu egin zuen, 11-18.

Etorri aitzinetik ere bazekiten kataluniarrek maila handiko aurkariak egokitu zitzaizkiela lehen kanporaketa honetan eta aitzinera egitea ia ezinezkoa zela jakin arren, Emakume Master Cup txapelketaren esperientzia bertatik bertara bizi nahi izan zuten eta jendez betetako pilotaleku batean aritzea zer den ikasi ahal izan zuten. Emaitzarekin triste baina bizi izandakoarekin pozik egin zuten bi gazte kataluniarrek etxerako bueltako bidaia.

Promozio mailan pilota goxoarekin, estreineko partida jokatu zuen Naiara Trigueros beratarrak eta Ane Urkizurekin bikote eginez, 11-18 galdu zuen Ekiñe Otaola eta Andrea Aldaregiaren kontra.

Etxetik metro gutxi batzuetara jokatzeko aukera izan zutenak Nagore eta Leire Galeano ahizpa antzuolarrak izan ziren eta hauentzat bai, jardunaldia bikaina izan zen, herritarren aitzinean maila bikaina erakutsi baitzuten. Pilota goxoko 16 urtez azpiko txapelketan aritu ziren eta Irati Zabala eta Maialen Bediari erraz nagusitu zaizkie. Hau ere emozio gutxiko lehia izan zen, pilotalekura jende aunitz erakarri zuten ahizpek aukerarik ez baitzieten eman euren aurkariei eta 18-4 nagusitu ziren.

Aizane Ibarrola uhartearrak eta Eider Zubizarreta zarauztarrak 18-9 irabazi zieten Antzuolako Olatz Insausti eta Eider Salbide uhartearrari.

Villabonan izanen da txapelketako hurrengo jardunaldia hurrengo asteburuan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun