69 lasterketatan parte hartu zuen iaz Manttalek eta zortzi garaipen lortu zituen

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 4a, 18:00

Asier Apezetxea aranztarrak garaipen handia lortu zuen Huescan, Collaradako kilometro bertikal bikoitzean.

Ane Elzaurdiak lau garaipen lortu zituen, Asier Apezetxeak hiru eta Gwendal Larquek bat

Manttale Mendi Lasterketa Taldeak mendiko zein errepideko 69 lasterketatan parte hartu zuen 2019ko denboraldian. Bere ibilbideko hamalaugarren urtean zortzi garaipen lortu zituen Manttalek. 69 lasterketatik 47 mendikoak izan ziren, eta 22 errepidekoak.

Ane Elzaurdiak garaipenen erdiak lortu zituen, Goizutral, Berako Gau Krossa eta Sara Korrika lasterketak irabazteaz gain, Donostiako Lilatoian lehen juniorra izan baitzen. Asier Apezetxeak hiru garaipen lortu zituen Sara Korrikan, Oleta-Yasola-Oleta lasterketan eta Collarada Villanuako (Huesca) kilometro bertikal bikoitzean.

Gwendal Larquek garaipen bat lortu zuen denboraldi hasieran, otsailaren 10ean Donibane Lohitzuneko Ihauteriko Lasterketa irabazita, bederatzi kilometroko distantzian.

Manttaleko harrobia Ainhoa Etxegarai, Ganix Arruti, Aimar Zubieta eta Jon Iparragirre bezalako gazteekin sendo ageri da.

Manttaleko hogeita hamar korrikalarik parte hartu zuten Zestoako Kobaz Koba Trail, Lezo-Jaizkibel, Senpereko Ibar Run, Senpereko Trail, Galar Trail, Aiako Mendi Lasterketa, Berako Mendi Maratoi Erdia, Sara Korrika Trail, Arantzako Mendi Lasterketa, Lakuntza-Aralar, Extreme Higa Monreal eta Biriatu Pottok Trail mendi lasterketetan.

Asfaltozkoak, berriz, honako hauek dira: Behobia, Burgosko maratoia, Irungo maratoi erdia, Txingudi Korrika, Gasteizko maratoia, Guadalupe, San Martzial eta Lizuniagako igoerak, Doneztebeko krosa, Zubiri-Iruñea eta Irungo gaueko lasterketa.

2020 denboraldia ere ongi hasi da Manttalerentzat, izan ere urtarrilaren 19an Josema Huizi beratarra espainiar estatuko txapeldunorde izan zen Beret Montgarri-ko Snowrunning-ean, beterano B kategorian. Espezialitate honen Espainiako Kopako lehenengo proba izan zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun