Ibarra eta Badaiotz nagusitu dira Euskal Herriko sokatira txapelketako otsaileko lehen jardunaldian

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 3a, 20:00
Larunbatean jokatuko dute mutilek 600 kiloko hirugarren eta azken jardunaldia Ibarran.

Beti Gazteko mutilak bigarren izan ziren 600 kiloko bigarren jardunaldian eta neskak hirugarren 500 kiloko lehenbizikoan

Euskal Herriko zortzinakako sokatira txapelketak aitzinera segitzen du eta otsailaren 1ean bertze jardunaldi bat jokatu zen Alegria-Dulantzin (Araba). Aldi honetan, ez dira nagusi izan Beti Gazteko tiralariak. Mutilak bigarren izan ziren 600 kiloko bigarren jardunaldian Ibarraren ondotik eta eta neskak hirugarren, Badaiotz eta Txantrearen ondotik.

Baina ondorioak ez dira berdinak bi taldeentzat. Mutilek kategoria honetako finalerako sailkapena lortu dute. Otsailaren 8an, larunbatean jokatuko dute final hori Ibarran eta hutsetik hasiko dira tiran finalerako txartela lortu duten Beti Gazte, Ibarra, Gaztedi, Murueta, Berriozar eta Txantrea.

Emakumezkoak, aldiz, ligaxka moduan ari dira 500 kilokoan eta hortaz, Beti Gaztek 4 puntu ditu orain, Badaiotzek baino bi guttiago eta Txantreak baino bat guttiago. Kategoria honetako bigarren jardunaldia ere larunbatean jokatuko dute Ibarran.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun